EUSKADI.-EHUk eta Paz con Dignidad elkarteak "El negocio de la responsabilidad" liburua argitaratu dute

Actualizado: lunes, 15 junio 2009 16:00

BILBO, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Paz con Dignidad elkarteak "El negocio de la responsabilidad" izenburuko liburua aurkeztu dute gaur Bilbon. Bertan, enpresa multinazional espainiarrek Latinoamerikan duten erantzukizuna aztertzen da. Ikerketa EHUk eta aipatutako elkarteak Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia sortzeko egindako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da.

EHUko Lan Harremanen Unibertsitate-Eskolako zuzendari ohi eta irakasle Mikel de la Fuentek, Paz con Dignidad elkarteko ordezkari Pedro Ramirok eta EHUko Lanaren Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle Juan Hernandez Zubizarretak aurkeztu dute liburua.

Latinoamerikan lan egiten duten multinazionalek inguruan daukaten eragina aztertzen da liburuan, eta gizartean eragiten dituzten kritikei aurre egiteko baliatzen dituzten mekanismoak ere analizatzen dira.

Liburuaren arabera, hamar herritarretatik zazpik ez daki zer den gizarte-erantzukizun korporatiboa; hala ere, Espainian egoitza duten enpresa multinazionalen %78k haien jarduera arduratsuari buruzko txostenak argitaratzen dituzte. Ikerketak enpresa arduratsuaren gorakada eta enpresa hau gizarteko partaide izateak dauzkan ondorio juridiko, etikoak, laboralak eta ingurumenekoak aztertzen ditu.

Enpresek haien ikurraren irudia indartzeko baliatzen dituzten gizarte-erantzukizun korporatiborako politikak azaltzen dira liburuan. Politika hauei esker, enpresak ospea hobetu, gizarte-erakundeen kritikak apaldu eta negozio lerro berriak ireki nahi dituzte. Era honetan, enpresen gizarte-erantzukizuna tresna baliagarri bilakatzen da bezeroaren fideltasuna bermatzeko eta irabaziak lortzeko. Aldi berean, gizarteak enpresa handietan duen konfiantza berreskuratzea lortzen dute.

Ikerketa EHUk eta Paz con Dignidad elkarteak sinatutako hitzarmenaren baitan argitaratu da. Hitzarmen honetan, enpresa transnazional espainiarrek gizarte latinoamerikarretako egoera sozioekonomikoan eta ingurumenean duten eragina urtero aztertzeko konpromisoa hartzen da. Hitzarmenaren helburu nagusia Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia garatzea da.