EUSKADI.-EHUk honoris causa doktore izendatuko ditu asteazkenean Tony Peters eta Reynald Ottenhof kriminologo ospetsuak

Actualizado: lunes, 2 marzo 2009 14:12

DONOSTIA, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) honoris causa doktore izendatuko ditu Tony Peters Kriminologiako Nazioarteko Erakundeko presidentea eta Reynald Ottenhof Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Erakundeko presidenteordea. Ekitaldia asteazkenean izango da, Donostiako Miramar Jauregian, 12:00etan hasita.

Ekitaldiko buru izango dira Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, unibertsitateko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Tony Peters irakaslea 1941. urtean jaio eta Lovainako Unibertsitate Katolikoan Kriminologian (1976) doktoratu zen. Peters aipatutako unibertsitateko katedradun emeritua eta Nazioarteko Kriminologia Erakundeko presidentea da.

Zientzia Sozialak ikasi zituen hasieran (1965) eta Kriminologia Orokor, Penologia eta Politika Kriminalaren azterketan nabarmentzeaz gain, biktimologia arloan ere nabarmendu da. Izan ere, 1990eko hamarkadatik biktimologia espezialitateko aditu nabarmenetako bat da mundu mailan, hainbat ikerketa egin dituelako arlo ezberdinen inguruan: indarkeriazko delinkuentziak sortutako biktimizazioa, gaizkile-biktimaren arteko bitartekotza eta justizia zuzentzailea (restorative justice).

Bestalde, Reynald Ottenhof irakaslea 1939. urtean jaio eta 1968. urtean Rennesen (Frantzia) doktoratu zen. Ottenhof Nantes Unibertsitateko katedradun emeritua eta Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Erakundeko presidenteordea da. Laster espezializatu zen zigor eta kriminologia zientzietan eta arreta berezia eman gazte delinkuentziari, politika kriminalari eta nazioarteko zigor zuzenbideari.

Kriminologiaren ikerketa beretik jasotako ezagutzak eta teknika juridiko hobetua batzen saiatu da; hala, bereizgarria da egin duen lan akademikoa, zigor esku-hartzeak (gaizkileak eta biktimak) eragiten dituen giza eskubideak errespetatzea eta bermatzea helburu izanik.