EUSKADI.-Eidabek "Ametsen museoa" antzezlana eskainiko du azaroaren 28an Errenterian (Gipuzkoa), "Eskolatik kalera" egitasmoan

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 21 noviembre 2008 14:50

DONOSTIA 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) "Eskolatik kalera" egitasmoaren barne antolatzen dituen hileko ekintzekin jarraiki, azaroaren 28an Eidabe taldearen "Ametsen museoa" izenburuko antzezlana izango da ikusgai Kulturgunean, 17:30etan hasita. Lana 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendua da.

"Ametsen museoa" antzezlanak Antxonen istorioa kontatzen du. Antxonek galduta ikusten du bere burua museo baten barruan; bere helburu bakarra horren "aspergarria" suertatzen zaion leku gogaikarri horretatik ateratzean datza, baina laster konturatuko da ez dela horren erraza.

Antzezlanaren garapenean hainbat pertsonaia agertuko zaizkio, eta protagonistari koadroak ikusten eta gozatzen irakatsiko diote oso premisa erraz batekin: "munduko edozein museoko edozein koadro margolarien ametsak dira". Hortxe agertzen da Antxonen erronka, berak ez baitaki amets egiten. Pasadizoz pasadizo, antzezlanaren ikusleek "amets egiten ikasiko dute" Gioconda, Menina, Van Gogh eta beste hamaikatxo pertsonaien eskutik.

Errenteriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak antolatutako ikuskizunerako sarrera euro batekoa izango da, eta salgai egongo dira Kulturgunean, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, astelehen eta asteazkenean 19:00etatik 21:00etara, eta egun berean saioa hasi baino ordu bat lehenago.

Contenido patrocinado