EUSKADI.-Elektronika, informatika eta telekomunikazioen euskal enpresek 3.315 milioi fakturatu zuten 2008. urtean

Actualizado: jueves, 2 julio 2009 15:09

GASTEIZ, 2 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gaia Euskal Autonomia Erkidegoko Elektronika eta Informazio Teknologien Industrien Klusterrean elkartuak dauden elektronika, informatika eta telekomunikazioen 238 enpresek 3.315 milioi euro fakturatu zuten 2008. urtean, hau da, 2007an baino %9,3 gehiago. Iaz, I+Gn burututako inbertsioa 125 milioi eurokoa izan zen (%8,22 gehiago), 12.053 langile enplegatu ziren (%8,25 hazkundea) eta esportazio negozioaren kopurua 749 milioi eurokoa izan zen, 2007an baino %6,69 gehiago.

Datuok gaur eman dira ezagutzera, Gaiak Miñaoko Parke Teknologikoan (Araba) burutu duen Urteko Batzar Orokorrean. Ekitaldiak sektorearen 200dik gora enpresaburu elkartu ditu eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusi Juan Tomas Hernani, Arabako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomikoko diputatua Arantza Zenarruzabeitia eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza sailburuaren kabineteko zuzendari Juan Goicolea bertaratu dira, besteak beste. Gainera, enpresa-kudeaketan aditua den Ben Schneiderrek parte hartu du eta "Outsourcing"-i buruzko hitzaldia eman du.

Gaiako presidente Joseba Ruiz de Alegriak eta zuzendari nagusi Tomas Iriondok emandako prentsaurrekoan, 2008. urteari dagozkien datuak eta 2009ko ekaina arte sektorearen Abagune Txostena aurkeztu dituzte, bai eta klusterrak burutu duen Sektorearen Indargarri Plana ere. Bertan, elektronika, informatika eta telekomunikazioen euskal enpresak egungo abagune ekonomikoari aurre egiteko hainbat ekimen jasotzen dira.

Horrela, sektorearen txostenak dioenez, 2009ko lehen seihilekoan beherapen "neurritsua" izan da, %0,1 ingurukoa, "gaur arte sekula izan ez den joera negatiboa" adieraziz. Gaiako presidentearen esanetan, "abiadura moteltze honen arrazoi nagusiena nazio-mailan elektronika, informatika eta telekomunikazioen inbertsioetan izandako dezelerazioa geldiaraztea da, bai sektore publikoan baita pribatuan ere", eta 2009ko bigarren seihilabetekoa nazio-mailako posizionatzea soilik dituzten enpresentzako "larriagoa" izango dela iragarri du.

Ruiz de Alegriak azpisektore ezberdinetan garapena desberdina dela azpimarratu du. "Hasieran, eragin gehien elektronika profesionalean izango du, nazioarteko merkatuetan posizionaturik dauden enpresak hasten ari baitira, nazio-mailako beherapena orekatuz", adierazi du.

Euskal elektronika profesionalaren sektorean 2009ko lehen seihilabetekoan izandako batez besteko beherapena %2,3koa izan da. Alderantziz, informazio sistemen enpresak urteko lehen hilabeteetan "hazkunde txikia" izaten ari dira, %1,4aren ingurukoa, hain zuzen ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan sektorearen egoeraren balorazio orokor gisa, Gaiako presidenteak nabarmendu du I+Gean inbertsioak (%2,1) eta nazioartekotze mailan (%8,9) igo diren bitartean, enplegua mantentzen ari dela. "Gure ustez -esan du-, sektoreak osasun ona du; baina, gainontzeko sektoreak bezala, merkatuaren egoerak baldintzatzen gaitu".

SEKTOREAREN INDARGARRI PLANA

Bestalde, Batzar Orokorrean, Gaiak bere Sektorearen Indargarri Plana aurkeztu du. Ekimenak egungo abagunean aurrera egiteko "arrakastatzat" hartzen dituen jarduerak jasotzen ditu, "enpresa, gizarte eta Administrazioarekiko elkarlanez sor daitezkeen lan aukerei erantzunez", bere arduradunek aditzera eman dutenez.

Plana, bederatzi milioi euroko inbertsioa eskatzen duenak -klusterrak berak, enpresa elkartuek eta administrazioek finantzaturikoa-, lau ardatzetan oinarritzen da: Hedatutako Enpresen Proiektuen Azelerazioa eta Digital Elkartea; Nazioartekotzeko Jarduerak; Prestakuntzazko Ekimenak (PREFE) eta Heziketa Digitalerako Plataforma.

Sektorearen Indargarri Planak 50 proiektu baino gehiago ditu eta 200 ziurtagiri zein 125 prestakuntzazko ekimenak lortuak (90.000 ordu baino gehiago). Bertatik, 2.500 profesional eta 10.000 biztanle hezita irtengo dira.

Bere helburuen artean daude informazioaren gizartea bultzatzea, inguru digitalak erabiltzea eta administrazio, enpresa zein gizartearen artean komunikazio elektronikoa sustatzea daude; enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzeko estrategiak suspertzea; profesional zein taldetako abilezia sendotzea; ikastetxeei bere aktibo digitalei buruzko plana hornitzea; edo ziber-delinkuentziaren aurrean pertsonak eta taldeak babestu ahal izateko tresnak sortzea, besteak beste.

Aipaturiko planetaz at, Gaia 2009-2012ko bere Plan Estrategikoa eta Sektorearen Berrikuntza Agendaren garapenean murgilduta dago. Bertan, 83 proiektu baino gehiago jasotzen dira eta 150 enpresa zein erakundek parte hartzen dute.