GASTEIZ 5 Ene. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzaren agenteek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Gasteizen indarkeriaz lapurreta egitea egotzita. Gazteak poltsa lapurtu omen zion emakume bati kalean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.
Lapurreta urtarrilaren 1ean izan zen Adurtza auzoko kale batean. Emakume bi atari baten parean hizketan zeuden, eta gizonezko bi hurbildu zitzaizkien. Emakumeekin hitz egin, eta segidan bietako batek, eskuan zauri bat zuenak, indarkeriaz poltsa kendu zion salaketa jarri zuen emakumeari. Ondoren, arineketan handik alde egin zuten biek. Poltsan sakeleko telefonoa, diru-zorroa -dokumentazioa eta guzti- eta beste hainbat gauza zeramatzan emakumeak.
Atzo arratsaldean, hainbat ikerketa egin eta gero, ustezko lapurra atxilotu zuten Ertzaintzaren agenteek, eta gaur eramango dute epailearen aurrera.