EUSKADI.-Emakundek hiru hilabeteko kanpaina interaktiboa egingo du bihartik Martxoaren 8aren inguruan

Actualizado: lunes, 2 marzo 2009 13:59

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Emakunderen Martxoaren 8ko kanpainak berritasun nabariak dakartza aurten, eta, beste urteetan ez bezala, aurten kanpaina ez da aste batekoa bakarrik izango, hiru hilabetetakoa baizik, eta horrez gain, interaktiboa izango da.

Aurten Emakundek galdera bat egin nahi dio euskal gizarteari: "Zer gertatuko litzateke emakumeek greba egingo balute? Greba ez litzateke etxetik kanpo ordaindutako lanetan izango, greba ez da beraien lanpostu eta enpresetan, etxeko lanetan eta familiaren zaintzan baizik. Ordainduak ez diren eta etxe eta familia inguruan dauden eguneroko eginbeharretan", adierazi dute Emakundetik.

"Zer gertatuko litzaiguke gure bizitzan? Eta gure inguruan? Eta gizartean orokorrean? Zer gertatuko litzateke emakumeak gizonezkoen gehiengoa bezala beraien etxez kanpoko ordaindutako lanaz bakarrik arduratuko balira? Nola beteko lirateke behar horiek? Zein ondorio izango lituzke emakumeentzako, gizonentzako, mendeko pertsonentzako, enpresen antolaketarako?". Horiek dira Emakundek planteatzen dituen galderak, eta jendeak erantzutea nahi du, hitzekin, marrazkiekin edota argazkiekin.

Kanpaina bihar bertan hasiko da autobusetako geltokietan eta Bilboko metroan jarriko den publizitatearekin. Bestetik, 5.000 kartel inguru bidali dira erakunde publikoetara, elkarteetara, ikastetxeetara, sindikatuetara, kultur etxeetara, osasun zentroetara, komunikabideetara eta beste hainbat entitate eta giza eragileen egoitzetara.

Martxoaren 8an bertan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egunkarietan argitaratuko da kartela, eta egun horretan bertan EAEko hiru hiriburuetan txapa bat erantsirik izango duten txartela batzuk banatuko dira, kanpainan parte hartzeko deialdia eginez. Aurrerantzean ere, kanpaina mantenduko da hurrengo hilabeteetan beste medio batzuetan.

ERANTZUNAK

Kanpainak erantzun bat emateko gonbita egiten die herritarrei, eta erantzun hauek bi bideetatik jasoko dira: emakunde.emakumeakgreban@ej-gv.es helbide elektronikoaren bitartez eta Emakunderen helbide postalaren bitartez.

Erantzunak jaso eta berehala egunero argitaratuko dira www.emakunde.euskadi.net webgunean, eta hauekin aldizkari bat osatuko da astero, webgunetik bertatik 'pdf' formatuan jaitsi ahal izango dena.

Ekarpenek edo parte-hartzeek "Zer gertatuko litzateke emakumeek greba eginez gero?" galderari erantzun behar diote eta honako formatu eta sekzio batera egokitu behar dira: izenburuak, eslogan edo esaldi bakarra (gehinez 30 hitz); iritzi artikulua, iruzkin edo berria (gehienez 300 hitz); argazkiak eta argazki-oinak (argazki bat eta gehienez 30 hitz); argazki-nobela (gehienez hiru orrialde); bideo edo audio, elkarrizketa, abestia, bertsoa (gehienez minutu bat); bineta, ilustrazio, txiste grafikoa (bineta bakarra, gehienez hiru binetetako tira); komikia (gehienez hiru orrialde).

Ekainaren 3an ekarpenen hartzea itxi egingo da eta ekarpenekin batera bidali behar diren autorearen datuak: izen eta abizenak; elkarte edo erakundea, ikastetxea eta abar; helbide elektronikoa edo helbide postala; arduren banaketari buruzko datuak.

Emakunderen kanpainaren kartelak erakusten duenez, etxeko lanen eta zaintza lanen %75 emakumeek egiten dituzte EAEn. Honek ez du zerikusia bakarrik gizonek lan merkatuan denbora gehiago egiteagatik, bere horretan mantentzen baita portzentaje hori jai egunetan ere.

Eginbehar motari erreparatuta ikusten da gizonek etxeko lanetan bi eginkizunetan bakarrik direla emakumeak baino gehiago: mantenimendu zerbitzuan (%86) eta gestioan edo kudeaketan (%58,2). Gizonen partaidetza berdintsuagoa da erdi-aisiako eginkizunetan (%50,7), garraioetan (%45,9) eta iraupen luzeko erosketetan (%42,2).

Beste eginbehar guztietan emakumeak gehiengoa dira %75 edo gehiagoko proportzioan. Badaude hiru eginkizun emakumeek egiten dituztenak neurri oso handi batean: arropak (%90,5), garbiketa (%85,5) eta janaria prestatzea (%82,4).

Gizonek egunero ordu bat eta hamar minutu erabiltzen dituzte etxeko lan eta zaintza lanekin zerikusia duten eginbeharretan, emakumeek hiru ordu eta 31 minutu erabiltzen dituzten bitartean.

Nagusiki emakumeen gain dagoen etxeko lanen balioa Barne Produktu Gordinaren (BPG) 15.638 milioi eurokoa izango litzateke, hau da, BPGaren %32,8.