EUSKADI.-Emkakumeek eginiko komikien inguruko topaketa bat egingo da bihar Algortako Kultur Etxean (Getxo, Bizkaia)

Actualizado: jueves, 5 marzo 2009 14:45

BILBO, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Emakumezkoek eginiko komikien inguruko topaketa bat egingo da bihar Algortako Kultur Etxean (Getxo, Bizkaia). Ekitaldiak "Comics creados por mujeres" du izenburua eta Skolastika kolektiboko Josune Muñozen eskutik izango da. Topaketa 19:00etan hasi eta sarrera doakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeak gaur jakinarazi duenez.

Emakumeek egindako komikia aztertuko da, ikuspuntu historikoz eta geografikoz baliatuta. Halaber, publikoak liburutegiko bildumako zenbait komiki ikusteko aukera izango du eta bederatzigarren artearen zenbait maisu-lan komentatuko dira; gaia, edukia, marrazki estiloa, eragin edo originaltasuna dela eta, egungo emakume-komikia ezagutzeko derrigorrezko irakurgaiak dira hautatutako lan horiek.

Halaber, ekitaldian zehar parte hartzeko eztabaida egingo da. Besteak beste, emakumeek eginiko komikiak eta gizonezkoek egindakoak aldean desberdinak diren eztabaidatuko da. Horrez gain, beste alderdi batzuk ere aztertuko dira: egileen begirada, marrazten dituzten istorioak, jorratzen dituzten generoak eta abar. Horren guztiaren bidez emakumeek eginiko komikian sakondu nahi da eta, aldi berean, azken urteotan diziplina artistiko horretan izandako 'boom'-era hurbildu.

Azkenik, topaketaren amaieran proposamen bibliografiko bat banatuko da daudenen artean. Horretan liburu sorta bat bildu da zaleak emakumeek eginiko komikiak irakurtzen hasi daitezen edo lan horietan sakondu dezaten.