EUSKADI.-Enpresa batetik metalezko piezak lapurtzen ari ziren bi gizon atxilotu dituzte Etxebarrin (Bizkaia)

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 14:45

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 31 eta 22 urteko gizonezko bi atxilotu zituzten atzo goizean Etxebarrin (Bizkaia) enpresa batean indarkeriaz lapurreta egin izana egotzita. Pabiloi batean harrapatu zituzten biak, bertatik metalezko pieza ugari lapurtu nahian, antza, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo goizeko 10:40an jazo ziren, Etxebarrin. Ordu horretan Ertzaintzari deitu zioten, patruila bat bidal zezan Lezama-Legizamon industrialdera, indarra erabiliz lapurreta egiten ari baitziren bertan.

Agenteak bertaratutakoan, industrialde horretako enpresa baten jabearekin harremanetan jarri ziren. Apur bat lehenago bi pertsona furgoneta batean iristen eta pabiloian sartzen ikusi zituela esan zien. Enpresara sartzeko atetzarra irekita zegoenez, eta indarrez ireki zutela pentsatzeko zantzuak ikusita, agenteak barrura sartu ziren ikuskatzera.

Minutu batzuk geroago aurkitu zituzten ustezko bi lapurrak lokalean (ezkutatuta zeuden) eta lokal horretako sarreraren ondoan metalezko material ugari aurkitu zuten; enpresan lapurtutakoa zen eta furgonetan sartzeko prest zuten. Hori dela eta, agenteek atxilotu egin zituzten bi gizonezkoak, 31 eta 22 urtekoak, indarra erabiliz lapurreta egin izana egotzita.