EUSKADI.-Eremu urriko hizkuntzetako idazleek "sortzeko egonaldiak" egin ahal izango dituzte Pasaiako Hugoenea Idazlearen Etxean

Actualizado: jueves, 2 abril 2009 19:43

DONOSTIA, 2 Abr. (EUROPA PRESS) -

Pasaiako alkate Maider Zigandak eta Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) presidente Fito Rodriguezek Idazlearen Etxea-Hugoenea ekimena ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu dute gaur Donibaneko udaletxe zaharrean. Akordioaren arabera, Pasaiako Udalak (Gipuzkoa) etxebizitza txiki bat utziko dio EIEri, Donibanen, eta EIEk, berriz, euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntzaz (katalanaz, galizieraz, bretoieraz, frisieraz eta abar) diharduten idazleen zerbitzura jarriko du, bertan egonaldiak egin ditzaten, betiere literatur sorkuntza sustatza helburu.

Aurkezpen ekitaldian, Pasaiako Udalaren partetik, alkateak eta Kultura zinegotzi Ander Pozak hartu dute parte; Euskal Idazleen Elkartetik, berriz, Fito Rodriguez presidenteak eta Iratxe Etxebeste zuzendariak.

Rodriguezek esan duenez, munduan barrena badira idazlearen etxe batzuk, "baina arrazoi ideologikoengatik-edo ihesean dabiltzan idazleei aterpe emateko sortu dituzte, hau da, errepresioaren erantzun gisa-edo. Sorkuntza bera sustatzeko idazlearen etxerik, berriz, ez dugu ezagutzen. Alde horretatik, Hugoenea ekimen berritzaile eta aitzindaria dela uste dugu".

Hugoenea, euskarak berak bezala eremu urria duten hizkuntzetako idazleei zuzenduta dagoela ere nabarmendu du, hau da, estatuen aldetik behar bezalako babesik ez duten hizkuntzetako idazleei. "Estatuaren babesik ezak, batetik, eta, bestetik, eremu zabaleko idazleak hobesten dituen merkatuak desabantaila nabarmenean jartzen dituzte eremu urriko idazleak. Hugoenea, bere apalean, desabantaila hori leuntzen laguntzeko tresna izan daiteke", esan du Rodriguezek.

Maider Zigandak eta Ander Pozak nabarmendu dute EIEk Idazlearen Etxea Pasaian kokatzeko aukera aipatu zienean, berehala pentsatu zutela aprobetxatu beharra zegoela. "Izena bera, Hugoenea, ez da kasualitatea; izan ere, Idazlearen Etxea Victor Hugok ostatutzat hartu zuen hartatik oso gertu dago. Nolabait esateko, Hugoenea Victor Hugok hasi zuen bidearen jarraipena izan daiteke", esan dute. Gainera, inguru hurbilean behintzat "zeharo ekimen berritzailea" dela kontuan izanik, Hugoeneak Pasaia mundu zabaleko begi askoren jomuga bihurtuko duela uste dute.

Interesa dutenek dagoeneko egin dezakete Hugoenean egonaldiak egiteko eskaera. Baldintzak, gutxi gorabehera, honakoak dira: idazle edo sortzaile bakoitzak, gehienez, 15 eguneko egonaldia egingo du, behar bezala justifikatuz gero epea luza daitekeen arren; ezer baino lehen, egonaldian egiteko lanari buruzko proiektua azaldu beharko du;

idazleak, egonaldian zehar, edozein generoko lana egingo du, betiere sorkuntza-lana; egonaldiak dirauen bitartean, udaletxean, herriko eskolan edo kultur etxean bere lanaren berri emango duen ekintza batean parte hartzeko prest egongo da.