EUSKADI.-Eroskik ijitoen laneratzera lagunduko du prestakuntzaren bitartez

Actualizado: martes, 2 febrero 2010 11:54

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eroskik lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen atzo Ijitoen Idazkaritza Fundazioarekin, ijitoen gizarteratzea bultzatuko duten prestakuntza ekintzak sustatzeko. Hitzarmena sinatzeko ekitaldian Eroskiko Gizarte Erantzukizuneko zuzendaria den Alejandro Martinez Berriochoak eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren zuzendaria den Isidro Rodriguezek parte hartu zuten.

Fundazioak ijitoen enplegagarritasuna hobetu nahi du, ez bakarrik lan merkaturako sarbidea errazten duelako, baizik eta herritar horiek bizi duten gizarte bazterkeriari aurre egiteko baliabidea delako. Horrela, eta banakako ibilbideen bitartez, fundazioak ijitoak laneratzea eta gizarteratzea lortu nahi du, eta horren ondorioz, ijitoak eskubide osoko kide bezala gizartean parte hartzea.

Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren eta Eroskiren artean sinatutako hitzarmenari esker, ijitoen, eta bereziki 16 eta 30 urte bitarteko gazte eta emakumeen aukera-berdintasuna bultzatuko duten ekintzak sustatuko dira.

Hitzarmenaren helburu nagusia da Eroski eta fundazioaren artean lankidetza bat ezartzea fundazioak kudeatzen dituen enplegu eta prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei prestakuntza-praktikak eskaintzeko. Ekintza horien artean, azpimarratzekoa da Europako Gizarte Funtsaren Bazterkeriaren aurkako eskualde anitzen arteko programaren (2007-2013) markoan dagoen "Acceder" programa.

Eroskik bere lan-guneetan eskainiko du prestakuntza, eta horrez gain, praktikak baimendu, ebaluatu eta ziurtatuko dituen arduradun bat izendatuko du.