EUSKADI.-Errota eolikoen potentzia-bihurgailuak hobetzeko sistema batek lortu du Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Indarsun saria

Actualizado: jueves, 21 mayo 2009 18:56

BILBO, 21 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Karrera Amaierako Proiekturik Onenarentzako Indarsun Sariaren laugarren edizioko epaimahaiak eskolan bertan Telekomunikazio Ingerniaritzako titulua lortu duen Julen Revenga Gonzalez jo du irabazletzat. Saria -dagozkion 1.200 euroak barne- gaur goizean eman diote eskolako gradu aretoan, Indarsun Taldeko zuzendari nagusi Alfredo Valero eta eskolako zuzendari Enrique Amezua lekuko zirela.

Potentzia-bihurgailu baten kontrol-sistemaren alderdi baten diseinua izan da saritutako lana, erroten energia-ekoizpenari zuzendutakoa nagusiki. Aerosorgailuak ekoitzitako energia elektrikoaren ezaugarriak elektrizitatea banatzeko sarearen baldintza egokietara moldatzea da makinaren helburua. Proiektua Jon Andreu Larrañaga irakasleak zuzendu du, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko APERT (Applied Electronics Research Team) elektronika aplikatuko ikerketa-taldearen barruan garatu da.

Bihurgailu hau guztiz esklusiboa da garrantzi handiko bi alderditan. Alde batetik, bere matrize-tipologiak -ikerketa-fasean dago oraindik- bobinak eta kondentsadoreak alde batera uzteko aukera ematen du; horiexek dira egungo bihurgailuen osagairik handienak eta pisuenak. Bazterrean utziz gero, bihurgailuaren pisua, tamaina eta prezioa murriz daitezke.

Bestalde, proiektu honen helburuko bihurgailuak dispositibo bakar batean (FPGA batean) integratzen ditu kontrol-zeregin guztiak. Hau erabat berria da, eta bihurgailu honen onura handienetakotzat jo daiteke. Gainera, kostuak eta kontsumoa murrizteaz gain, kalkulurako gaitasuna eta abiadura handitzeko aukera ematen du.

Bihurgailu honen diseinua aplikazio eolikoei zuzenduta dagoen arren, trenbide sektorean ere erabiltzeko aukera izango da, diseinuaren arintasunak eta tamaina txikiak zeharo egokia egiten baitute tren edo tranbien ibilgailu traktoreetarako. Era honetako potentzia-bihurgailuak ikerketa-prozesuan daude oraindik puntako fabrikatzaileen I+G sailetan, baina etorkizun hurbilean litekeena da han-hemenka ezartzen hastea.

Saritutako proiektuaren egile Julen Revenga Gonzalezek 25 urte ditu eta aurreko ikasturtean amaitu zituen Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketak. Gaur egun, Ingeteam Technology euskal enpresan lan egiten du; Ingeteam Technology potentzia-bihurgailuen fabrikazioan espezializatutako enpresa da, eta bertan, Julen Revengak instalazio eolikoetarako hardware digitalaren diseinuan lan egiten du.

INDARSUN SARIA

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Karrera Amaierako Proiekturik Onenarentzako Indarsun Saria, 1.200 euroko sari ekonomikoa duena, irakaskuntza erakundearen eta Indarsun Taldearen arteko lankidetza hitzarmenaren emaitza da. Indarsun Taldea Europako enpresa aitzindarietakoa da eguzki-energia fotovoltaikoaren arloan. Sariaren helburua energia berriztagarrien arloan ikerkuntza sustatzea da, etorkizuna iraunkorra izan dadila laguntzearren.

Enrique Amezua eskolako zuzendariak, Javier Muniozguren Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritza Proiektuak Saileko zuzendariak, Juan Luis Ordiales Elektronika eta Telekomunikazio Saileko zuzendariak eta Alfredo Valero Indarsun Taldeko zuzendari nagusiak osatu dute epaimahaia.

Indarsun Taldea eguzki-energia fotovoltaikoaren sektoreko konpainia nagusietakoa da gaur egun. Euskal enpresa hau zentral fotovoltaiko handien eragile eta merkataritza-marka ezagunetako modulu fotovoltaiko, itzulgailu eta kolektore termikoen banatzailetzat posizionatu da. Ordezkaritzak ditu Alemanian, Italian eta Frantzian.