EUSKADI.-Errusia.- Elurte handi batek 24 hildako eragin ditu Moskuko eskualdean gertaturiko 6.000 bat auto istriputan

Actualizado: lunes, 16 febrero 2009 19:31

MOSKU, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Mosku eta inguruetan joan den asteburuan izandako elurte handiek 24 heriotza eragin zituzten 6.000tik gora auto istriputan, Moskuko Trafikoko Poliziak gaur jakinarazi eta RIA Novosti berri-agentziak zabaldu duenez.

Guztira, 4.200 istripu erregistratu ziren larunbat eta igande bitartean Moskun bertan, lau hildako eta 78 zauritu utziz. Aldi horretan, Moskuko Oblasten 20 lagun hil eta beste 86 zaurituta atera ziren izandako 2.000 bat istripuren ondorioz.

"Trafiko arauen urratze larriek eragin zituzten larunbateko auto istripuak", Svetlana Landa Moskuko Oblasteko Poliziaren Trafiko Saileko bozeramaileak azaldu duenez.

Istripu guztien ia bi heren larunbatean gertatu ziren. Haietako bat zortzi ibilgailuren artean izan zen, eta sei zauritu utzi zituen, haietako hiru adingabeak. Pixka bat geroago, lau lagun hil ziren autobus batek eta minibus batek autobide berdinean talka egin ondoren, Kievskoyeko errepidean alegia.

Beste bost pertsona hil ziren kamioi bateko gidariak ibilgailuaren kontrola galdu eta beste lau ibilgailu jo zituenean Moskuko mendebaldean. Guztira zirkulazio kodearen 12.500 urratze jakinarazi ziren Moskun eta bere Oblasten.