BILBO 25 Nov. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailari atxikita dauden udal azokek esne freskoa banatzen duten makinak izango dituzte poliki-poliki. Makina horiek Bizkaia Esnea ekoizleen elkarteak jarriko ditu, eta banaketa egiteko sistema berritzaile bati esker, Bilboko kontsumitzaileek eguneroko esne freskoaz disfrutatzeko aukera izango dute.
Banatuko den esnea baserritik eta bitartekaririk gabe dator eta ez ditu haren ezaugarriak ezabatzen dituen prozesu termiko kaltegarririk jasan. Kontsumitzaileek esne hori eskuratu ahal izango dute B Merkatuaren barne dauden udal azoka ezberdinetan. Lehen esne banatzailea azaroaren 17an ezarri zen, Deustuko azokan. Ondoren, eta poliki-poliki, makina gehiago ezarriko dira Otxarkoaga, Abando, San Inazio eta Erriberako Azoketan.
Makinak goizean bertan jetzi, pasteurizatu eta lau gradu baino gutxiagoko tenperaturan hoztutako esnea banatuko du. Esne horrek ohiko saltokietan saltzen denak baino kalitate handiagoa dauka. Izan ere, jatorria eta trazabilitatea bermatuta egoteaz gain, kontsumitzaileak esnea behitik ateratzen den bezalaxe dastatzeko aukera baitauka.
Bizkaia Esnea elkartea, Bizkaiko esne-ekoizle talderik handiena, Karrantzako 56 baserrik osatzen dute. Baserri horiek guztiek Kalitatearen "Q" ziurtagiri europarra daukate eta horrek bertatik ateratzen den produktua egunekoa, osasuntsua eta naturala dela bermatzen du.
Bizkaia Esnea elkartearen barne dauden nekazariak esnea ekoizten adituak dira eta baserri modernoak dituzte. 50, 100, 200 edo 300 behi izan ohi dituzte eta egunean 1.000 litro esne ekoizten dute batez beste.
Horregatik guztiagatik, esne freskoa banatzeko makina hauek orain arte existitzen ez zen zerbitzu bat eskainiko dute, bilbotarrei benetako esne zaporea duen baserriko esne freskoaz, osasuntsuaz, orekatuaz gozatzeko aukera emanez. Ekimenaren xedea da merkataritzako eskaintza berri honen bitartez nekazaritzaren sektorea eta azokak bultzatzea.