EUSKADI.-Espido Freire eta Rafael Chirbes izango dira bihar Bilboko "Eztabaidak literaturarekin" programan

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 14:52

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Eztabaidak literaturarekin" ekimenaren saio berri bat izango da bihar, Espido Freireren eta Rafael Chirbesen arteko topaketarekin. Irakurlearekiko harremanaren zenbait pasarte eztabaidatuko eta kontatuko dituzte saioan. Hitzaldia Dani Alvarez kazetariak aurkeztuko du, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldien aretoan izango da 19:30etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da, antolatzaileek azaldu dutenez.

Freirek eta Chirbesek irakurlearekiko tratua nola zaintzen -edo mugatzen- duten azalduko dute, ondoren ikus-entzuleen ikuspuntua entzuteko asmoz. Idazle hauek, kritikak zein neurritan mediatizatzen duen irakurleei transmititzen dien irudia azalduko dute, eta alderantziz, irakurlearekiko duten ideian zein neurritan eragiten duen.

Guztiz kontrajarriak diren bi ikuspuntutatik burutuko dute hitzaldia: hedabideetan ohikoa dena eta beraz ezagunagoa, Freireren kasuan bezala, eta 'publiko handia' deritzon horretatik eta promozioetatik aldenduta, ibilbide sendoa landu duena, Chirbesren kasuan bezala.

Teknologia berriek irakurlearekin konektatzeko orduan zein nolako eragina izan duten ere aztertuko dute, gaur egun euren iritzia blog edota espezializatutako foroen bidez gainontzeko irakurleei edo egileari berari zuzenean iritzi hau helerazteko dagoen aukera, alegia.

FREIRE ETA CHIRBES

Espido Freire (Bilbo, 1974), 1998an "Irlanda" lanarekin estreinatu zenetik, espainiar idazlerik esanguratsuenetakoa da. Urte bat beranduago soilik lortu zuen Planeta Saria "Melocotones helados" lanarekin. Hamarkada arrakastatsu baten ondoren, Freire jada idazle ospetsu bihurtu da, kritikarien eta publikoaren onarpena duena eta saioetan ere zenbait lan eginak dituena. Idatzizko prentsan eta irratian egiten dituen kolaborazioei esker, mediatikoki etorkizun handia duen idazlea da. Iaz "El trabajo os hara libres" ipun bilduma argitaratu zuen.

Freireren ospearen aurrez aurre, Rafael Chirbes (Valentzia, 1949) hedabideen eta eremu literarioetatik aldenduta ibilbide sendoa landu duen idazlea da. Bere heziketagatik (Historian lizentziatua), errealismoarekiko duen gustuagatik eta asmo intelektualetatik aldenduz narrazioan erabiltzen duen era naturalagatik, kritikarien artean 'galdosiano' kalifikatzailea hartu du. Zortzi eleberri argitaratu ditu bere lehenengo "Mimoun" eleberritik azkena den "Crematorio"-raino.

Datorren maiatzaren 19an, globalizazioaren efektuen inguruko eztabaida proposatuko du "Eztabaidak literaturarekin" programak. Ramon Chao Frantzian finkaturik dagoen kazetari eta idazlea eta Ignacio Ramonet Parisko Sorbonako irakaslea eta 18 urtez 'Le monde Diplomatique' egunkariko zuzendaria izango dira protagonista.

"Eztabaidak literaturarekin" Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, idazleengana hurbiltzeko era berri eta berritzailea da, aldez aurretik aukeratutako aztergai bati buruz hitz egiteko gonbita luzatzen diena. Programaren helburua, lehen mailako idazleekiko elkargunea sortzea izan da, idazteko ofizioarekin zerikusia duten gaiak elkarrizketaren bidez aztertuz.