Euskadi eta euskara, Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarreko gonbidatu nagusi

Baztarrika, biltzarreko hasierako hitzaldia eskaintzen
Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 15 enero 2015 17:13
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

Patxi Baztarrikak biltzarreko hasierako hitzaldia eskaini du, eta Jokin Azkuek ostiralean esku hartuko du

   BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Euskadi eta euskara Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarreko gonbidatu nagusiak dira. Biltzarra gaur eta ostiralean egingo da Santiago hiriburuan, "Erakutsi zeure hizkuntza munduaren aurrean" goiburupean, eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskararen biziberritze prozesua azaldu du biltzarraren hasierako hitzaldian.

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazi duenez, "Euskararen kasua: oraina eta geroa" izenburuko hitzaldian, euskararen bilakaera sozialaz, ezagutu duen hazkundeaz, izan duen bilakaera desberdinaz eta euskararen erronka nahiz lehentasunez hitz egin du Baztarrikak.

   Euskararen kasua "paradigmatikoa" dela esan du, "agerian uzten baitu ez dela kimera hutsa, lor daitekeen helburua baizik, utopia egingarria, gaztelaniaren tamainako hizkuntza hegemoniko batekin batera bizi den hizkuntza gutxitu baten biziberritzea".

   Ondoren, biziberritze prozesu bat arrakastatsua izan dadin zeintzuk diren faktore erabakigarriak zehaztu du: hizkuntzari babes eraginkorra emango dion lege-estatus egokia; denboran iraunkortasuna izango duen hizkuntza politika bizia eta baliabideez hornitua; herritarren atxikipena eta borondatea; adostasun politiko eta sozial zabala; eta eremu publiko eta pribatuen arteko lankidetza emankorra.

   Hizkuntzaren ospeak duen garrantzia ere azpimarratu du. Bere hitzetan, Txileko zenbait bezala gainbeheran diren hizkuntzen ezagutzari eta erabilerari ospea ematea, edo euskara bezala biziberritze prozesuan direnak prestigiatzea, "errezeta bikainak dira".

   Hizkuntza bat prestigiatzeko ariketa hori norberarengandik eta etxetik hasten dela nabarmendu du -gurasoek hartzen duten jarrera linguistikoaren garrantziaz aritu da-, eta ondoren jarraipena izan behar du eskolan, komunikabideetan, kalean edo aisialdian.

   Baztarrikak Euskadin azken hiru hamarkadetan egin diren politiken zertzelada nagusiak azaldu ditu, arreta berezia eskainiz hezkuntza sistemari, helduen euskalduntzeari eta horietara bideratzen diren baliabideei. Hain zuzen, Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendariak hitzaldia eskainiko du ostiralean biltzarrean, politika sektorialen inguruan azalpen zehatzagoak emateko: hezkuntza, helduen euskalduntzea, hedabideak, administrazioa, laguntza programak, eta abar.

IA 500 PARTE HARTZAILE

   Euskadiko hizkuntza politikaren arduradunak hezkuntza nahiz kulturaren munduko eragile, hizkuntza arloko aditu, unibertsitate ikertzaile eta komunitate indigenetako ordezkarien aurrean ari dira euskararen biziberritze esperientzia azaltzen.

   Ia 500 parte hartzaile dira guztira, txiletarrak gehienak, baina baita Peru, Bolivia edo Argentinatik hurbildutakoak ere, guztiak ere hizkuntza indigenen egoeraren inguruan sentsibilizatuak eta konprometituak.

   Hitzaldi, lan bilera, erakustaldi eta aurkezpenen bidez, euren hizkuntzak berreskuratzeko baliagarri izango zaizkien estrategiak eraiki eta esperientziak trukatu nahi dituzte parte hartzaileek biltzarraren egunetan. Hala ere, hizkuntza horiek belaunaldi gazteei irakastea bermatuko duten bideak egiten hastea izango da guztien ardura nagusia.

   Zehazki, haiei zuzendu zaie Baztarrika. Bere esanetan, "globalizazioaren munduan hizkuntza aniztasuna arriskuan dago, uniformizazio joera oso indartsua delako; baina aukera berriak ere sortzen ari dira, eta hizkuntza aniztasunari eusteko sentsibilitate berriak. Eleaniztasuna da normalena, eta elebakartasuna salbuespena. Hitz gakoak, nire ustez, errespetua eta prestigioa dira".

   Azkenik, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eleaniztasunak esan nahi duen aberastasuna azpimarratuz amaitu du bere hitzaldia. "Hizkuntza bat galtzen denean, denok galtzen dugu, denok bihurtzen gara pobreago. Baina hori guk geuk sinetsi behar dugu. Harrotasun sano eta natural bat sentitu, zer garen erakutsi handinahikeria eta harrokeriarik gabe. Harro euskaldun, maputxe, aimara, rapanui, kitxua edo gaztelaniaduna izateaz. Denok ezberdinak, baina denok berdinak duintasunean eta eskubidetan", esan du.