EUSKADI.-Etxepare Euskal Institutuak 941.000 euroko aurrekontua izango du aurten

Actualizado: martes, 31 marzo 2009 15:50

GASTEIZ, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Etxepare Euskal Institutuaren aurtengo aurrekontua onartu du gaurko bileran. Aurrekontu hori 941.671 eurokoa izango da, eta batik bat institutuaren jarduera finantzatzera zuzenduko da.

Etxepare Euskal Institutuaren helburu nagusia euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea, hedatzea eta proiektatzea da, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan.

Erakundea sortu eta arautzen duen apirilaren 3ko 3/2007ko Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, Etxepare Euskal Institutuaren sorrera eta jardueren hasiera Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du behin erakundearen antolakuntza eta jarduera araudia onartu ondoren.

Honela, maiatzaren 13ko 88/2008ko Dekretuaren bidez, Etxepare Euskal Institutuko Antolakuntza eta Jarduera Araudiak onartu ziren, eta honen lehenengo xedapen gehigarrian institutuak bere jarduerari sei hilabeteko epean ekingo ziola jasotzen da.

Institutuaren zuzendaritza organoak behin eratu ondoren, 2008ko abenduaren 23ko Gobernu Kontseiluaren akordioaren bitartez Etxepare Euskal Institutuaren jardueren hasiera onartu zen (abenduaren 23ko 221/2008 Dekretua). Honetan, jardueren hasiera eguna 2009ko urtarrilaren 7an zehazten da eta ondorengoa arautzen da: jardueren hasiera, institutuaren langile zerrenda, Jaurlaritzaren bestelako instantzietatik ordu arte garatzen ziren eginkizunen subrogazioa, eta Institutuaren eginkizunetarako beharrezkoak diren izapideen eskualdaketa eta ondasun lagapena.

Aurrekontua onartzearekin, eskatutako aginduak bete eta institutuaren jarduerarako finantzazio lortzen da, eta institutuak garatuko dituen programen aurrekontuetara batuko da, alegia, indarrean diren 2009ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzari dagozkion sailetan eta zuzendaritzetan aurreikusita dauden zuzkiduretara.

Institutu berriaren garapenaren lege aurreikuspenak betetzeko bide horretan, martxoaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuko lanpostuen zerrenda kaleratu zuen, eta honen ondoren lanpostu horiek betetzeko dagokion oposizio-lehiaketa deialdi publikoa egingo da. Lehiaketa deialdia publikoa eta irekia izango da, administrazio publikoan ezarri beharrekoak diren lege eta administrazio prozedurei eutsiz.

Lanpostu zerrenda horretan hamar plaza aurreikusten dira, institutuko langile talde osoari dagozkionak, eta guztiak beteko dira lehiaketa publikoaren bitartez, zuzendari nagusiarena izan ezik, hauxe baita Institutuaren Sorrera Legearen arabera izendapen bidez onartu behar dena. Zuzendari nagusia izendatua ez den bitartean, bere eginkizunak Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradun nagusiak bereganatuko ditu.