Euskadi, Europako eskualde ertain onena logistikako atzerriko inbertsioarentzat

Actualizado: miércoles, 17 febrero 2016 11:56

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Financial Times argitalpen talde britainiarrak adierazi duenez, Euskadi Europako eskualde ertain onena da konektagarritasunari (logistika) dagokionez, eta atzerriko inbertsioa erakartzeko seigarren estrategia onena dauka, Kopenhage (Danimarka), Toscana (Italia) eta Erresuma Batuko, Poloniako eta Holandako beste hiru eskualderen atzetik. Gainera, Europa hegoaldeko bosgarren onena da inbertsioa erakartzeko adierazle guztiak kontuan hartuta.

   SPRI Taldeak jakinarazi duenez, 'Financial Times' erreferente ukaezina da mundu osoko prentsa ekonomikoarentzat eta ezinbesteko gida nazioarteko merkatuentzat eta inbertsio mugimenduentzat, eta sailkapen bat egiten du urtero, hiriak eta eskualdeak zerrendatzeko, kontinenteka bereizita.

   Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak Invest in Basque Country programaren "emaitza bikainak" aurkeztu eta eman da ezagutzera txostena. Invest in Basque Country SPRI enpresen garapenerako euskal agentziaren atal espezifiko bat da, atzerriko zuzeneko inbertsioak atzeman eta atxikitzeko helburuarekin. 2015ean, 22 proiektu industrial berri erakarri zituen Euskadira, bertan inbertitu dezaten, eta aurreko urtean lortutako bost inbertsioak laukoiztuz.

   'Financial Times' egunkariaren txostenak hiru tamainaren arabera sailkatzen ditu Europako hiri eta eskualdeak (handia, ertaina eta txikia), eta atal desberdinak aztertzen ditu: inbertsioak atzemateko estrategia, potentzial ekonomikoa, giza kapitala eta bizimodua, kostu/irabazi eraginkortasuna, konektagarritasuna (logistika) eta negozio giro lagunkoia.

   Modu honetan, Euskadi onena da Europako eskualde ertainen artean konektagarritasunari (logistika) dagokionean, eta atzerriko inbertsioa erakartzeko seigarren estrategia onena dauka, Kopenhage (Danimarka), Toscana (Italia), eta Erresuma Batuko, Poloniako eta Holandako beste hiru eskualderen atzetik. Gainera, Europa hegoaldeko bosgarren onena da, inbertsioa erakartzeko adierazle guztiak kontuan hartuta.

AZKEN URTEETAKO LANA

   SPRI Taldearen arabera, egunkari britainiarraren txostenak azken urteotan eginiko lana berretsi du. Atzerriko inbertsioak Euskadira erakartzea da Eusko Jaurlaritzak historikoki landu duen ildo estrategikoetako bat, bereziki industria eta ekonomiaren garapen arloetan, eta, ondorioz, SPRIren zereginetako bat izan da beti.

   Hala ere, 2013an eginiko metodologiari buruzko gogoetatik abiatuta, legealdi honetan indartu egin da lan ildo hori, eta, horri esker, ugaritu egin dira landutako proiektuen kopurua eta atzemandako enpresak.

   Invest in Basque Country estrategia indartu denetik, bi urtetan atzerriko 27 inbertsio erakarri dira, 152,05 milioi euro guztira, eta 783 lanpostu sortu dira eta 1.227 enplegu mantendu.

   'Financial Times' egunkariaren txostenak, bestalde, Bilbo nabarmendu du, hiri ertainen artean laugarrena baita atzerriko inbertsioa erakartzeko estrategian eta hamargarrena Europa hegoaldeko hirien artean.