Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 10/03/2010 13:13
Euskadi Ficomic Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketaren 28. edizioko ohorezko gonbidatua izango da eta, horrenbestez, gune handi bat izango du euskal komikigintzaren berri emanez hainbat jarduera egiteko.
Ficomiceko parte-hartzea aurkezteko eta euskal ilustratzaileen katalogoaren berri emateko prentsaurreko bat eman dute gaur Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Daniel Martin EIEP Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak.
Ficomic maiatzaren 6tik 9ra bitartean egingo da, eta Euskadi izango da ohorezko gonbidatuetako bat. Hori dela eta, gune handi bat izango du eskura -Euskomik- euskal komikigintzaren berri emanez hainbat jarduera egiteko. Mikel Toralek azaldu duenez, "aukera garrantzitsua da euskal marrazkilarientzat, Bartzelonako azoka nazioarteko erreferentea baita mundu osoan".
1970eko hamarkadaren bukaeratik, komikigintzak "garai bizi eta emankorra eduki du Euskadin", eta horren ondorio izan dira han-hemen egindako hainbat erakusketa, jardunaldi eta jaialdi. Gero eta ugariagoak dira alor horretako kultura-azpiegiturek bultzaturiko jarduerak, zeintzuk, argitaletxeen beste zenbait ekimenekin batera, euskal komikigintzaren osasun onaren isla baitira. Faktore horiek guztiek batera egin dute posible "egile-multzo bizkor eta sendo bat" sortzea -aldez beteranoak eta aldez hasiberriak-, gehienak ezezagunak Euskaditik kanpo.
Gonbidapena jaso ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak komikien lagin adierazgarri bat prestatu du Irudika katalogoan, lanbide horretako gaur egungo ekoizpen oparo eta bikainaren erakusgarri. Katalogoak 30 euskal ilustratzaileren lanak jasotzen ditu, eta 1.000 ale inprimatu dira.
Euskadik Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketan izango duen parte-hartzea 150 metro karratuko stand batean gauzatuko da. Hiru zatitan banatuko da, gune ezberdinak bereizte aldera. Alde batetik, argibide-liburutegiaren guneak sustapen-materialak erakutsiko ditu, instituzionalak eta inprimaturiko argitalpen-materialak.
Bestalde, areto nagusiaren gunean hainbat jarduera egingo dira, gaur egungo komikigintzarekin estuki loturiko talde eta erakundeen eskutik, hala nola aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta bestelakoak.
Azkenik, erakusketaren gunea oso-osorik Euskadiko egileen lanak sustatzera dedikatua egongo da eta 22 profesionalen lan-bilduma erakutsiko du, nazioartekoenak eta euskal argitalpenetan argitaratuz gorabidean datozen belaunaldi berrikoenak, hain zuzen. Hautaketa-irizpideak lurraldeen arteko oreka ere aintzat hartu du. Egile bakoitzak azken urteotan egindako hiru komiki-plantxa aukeratu ditu, bere lanaren eredu esanguratsu moduan.