EUSKADI.-Euskadiko ia 1.000 enpresek SPRIren diru-laguntzak jaso zituzten iaz bre proiektuetan IKTak ezartzeko

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 14:56

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

SPRIren "Hobeki Digitala" programak hainbat laguntza neurri ezartzen ditu Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) ezartzeko euskal enpresetan eta 2009an laguntza horiek jasotzeko 1.121 eskaera egin ziren. Horietatik %11 ezeztatu ziren eta, beraz, 995 onartu. Aurkeztutako eskaeretatik %67 onartu ziren eta, termino ekonomikoetan, 4.900.000 eurotik gorako laguntzak eman ziren, batez beste 4.398,20 euro bideratu zirelarik proiektu bakoitzerako.

SPRIk kudeatzen duen ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Euskadi Informazio Gizartean Planaren barruan dago eta bere helburua da enpresa txiki eta ertainen (ETE) barne prozesuak eta bezeroekin, hornitzaileekin eta administrazioekin dituzten harremanak IKTak erabiliz digitalizatzea, enpresa horien lehiakortasuna bideratzeko eta sendotzeko.

Diru-laguntzak eman ahal izango dira IKTak ezartzeko planak gauzatzeko, baldin eta negozio prozesuak digitalizatzera zuzenduta badaude (marketin elektronikoa, produktuak elektronikoki salerosteko kudeaketa sistemak ezartzea), eta baita ere enpresetan IKTak ezartzeko beharrizanen diagnostikoak edo planak egiteko, betiere erakunde edo enpresa espezializatuen bidez egiten badira.

SPRIk eskainitako datuen arabera, mikroenpresek (0-10 langile) egin zituzten eskaera gehien, %47 hain zuzen, eta atzetik zeuden enpresa txikiak (10-50) eskaeren %41arekin; enpresa ertainak (50-250), berriz, portzentaje horietatik oso urrun geratu ziren eskaeren %12arekin. Zerbitzuak, Merkataritza, Konponketak, Metalurgia eta Metalezko Artikuluen sektoreak izan ziren eskaera gehien egin zituztenak.

Lurralde historikoka, Bizkaia izan zen hiruretan aktiboena, Bizkaian egin baitziren eskaera gehien (%55); Gipuzkoan %33 eta Araban %12. Proiektu motei dagokienez, enpresek ondoko hauetarako laguntzak eskatu zituzten gehienbat: negozio elektronikoa, web proiektuak, Intranet/Estranet, merkataritza elektronikoa, e-marketina eta segurtasun edo zaintza teknologikoa.

"Hobeki Digitala" programako onuradun izan daitezke enpresa jardueraren bat egiten duten pertsona fisikoak, juridikoak eta ETEak, baldin eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) badaukate. Diru-laguntzak eskatzeko, SPRI/hobekidigitala-ren web-orrian erregistratu behar da (www.spri.es/hobekidigitala) eta eskatutako dokumentazioa igorri, teknikariek azter dezaten.

Eskaera onartzen bada, enpresak likidazioa eska dezake proiektu edo zerbitzuaren epea bukatu eta gauzatu ondoren. Horretarako, likidazio fasean eskatzen den informazioa eta dokumentuak igorri beharko ditu, teknikariek berriro ebalua ditzaten. Laguntzak eskatzeko epea dagoeneko zabalik dago eta urriaren 15ean amaituko da.