EUSKADI.-Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren salmentak 62.000 milioi eurokoak izan ziren 2007an

Actualizado: jueves, 7 mayo 2009 11:47

BILBO, 7 May. (EUROPA PRESS) -

Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak landutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren salmentak 62.000 milioi eurokoak izan ziren 2007an, %36 barne-merkaturako eta beste horrenbeste Espainiako merkaturako. Halaber, EAEko industri sektoreak atzerrira 17.400 milioi balioko esportazioak egin zituen, hau da, salmenten %28.

Euskal industriaren ekoizpenaren %69 bitarteko kontsumoak izan ziren 2007an, %2 zerga garbiak eta gainerako %29 sortutako balio erantsia. Balio erantsiaren banaketa hurrengoa izan zen: %53 lan-faktorearen ordainsaria; %32 enpresa-soberakina eta gainerako %15 kapitalaren balio-galeraren, amortizazioaren, horniketa.

EAEko industriaren sektorearen balio erantsiak %6ko hazkundea izan zuen 2007an, eta batez bestekoaren gainetik hazi ziren industri sektoreak hauek izan ziren: metalurgia eta metalezko gaiak, metalezko eta ez-metalezko meak, garraio-materiala eta ez-metalezko industria.

Industri sektoreak %1,8ko enplegu-hazkundea izan zuen 2007an, eta hazkunde hori nagusiki metalurgia eta metalezko gaietan (%5,2), beste manufakturetan (%3,8) eta material elektrikoan (%2,8) izan zen. Bestalde, kautxu eta plastikoan 700 enplegu galdu ziren (%-3,8). Azken hamar urteetako (1997-2007) balantze moduan, industri sektorean 50.000 pasa enplegu gehiago dago, hau da, 1997ko 202.088tik 2007ko 255.294ra.

2007an, EAEko industriaren negozio zifra %7,4 hazi zen aurreko urtearen aldean, eta industri balio erantsiaren hazkundea sektore pisutsuenen hazkundean bermatu zen: metalurgia eta metalezko artikuluak (%13,1), garraio-materiala (%9,3) eta ez-metalezko industria (%7,6). Hazkunde negatiboak izan zituzten kimikak (%-13,3), petrolio fintzeak (%-6,5) eta kautxu eta plastikoak (%-1,6).

Bestalde, ustiapeneko soberakin gordina %8,8 hazi zen, eta hazkunde-tasa "ikusgarriak" izan ziren metalurgia eta metalezko artikuluetan (%23,7) eta garraio-materialean (%19,6). Industriaren 'cash-flow' delakoa %10,2 hazi zen, eta zerga aurreko emaitza %14,5ekoa izan zen.

2007an hazkunderik handienak izandako sektoreak petrolioa fintzea (%5,3) eta batez ere metalurgia eta metalezko artikuluak izan ziren, duen pisuagatik (%5,2), zeinak 4.500 pertsona gehiago enplegatu baitzituen. Negatiboan kautxu eta plastikoaren enplegu-galera dago, (%-3,8). Pertsonal-kostua %3,6 hazi zen batez beste.

Halaber, 2007an Gipuzkoak izan zuen balio erantsi gordin nominalik handiena, %7,6rekin; metalurgia (%16,7) eta garraio-materiala (%12,7) izan ziren azpimarragarriak. Bizkaian %5,4 hazi zen industria eta Araban %4,3.

ERAIKUNTZA

Bestalkde, eraikuntzaren sektoreak BEGren %16,1eko hazkunde nominala izan zuen EAEn 2007an. Hazkundea %14,9koa izan zen Araban, %18,1ekoa Bizkaian eta %12,4koa Gipuzkoan.

Langileria %5,3 hazi zen eraikuntzan, 2006an baino ia bi puntu gehiago, eta guztira 100.000 pertsona baino gehiago zeuden 2007an, aurreko urtean baino 5.000 gehiago.

Ustiapeneko soberakin gordina %24,4 hazi zen eta pertsonal-kostuak %11,3. Negozio zifra %19 hazi zen 2007an, eta zerga aurreko emaitzak %21,7; 'cash-flow'-a %20,6 eta amortizazioak %14,1.