EUSKADI.-Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetako jarduera kirurjikoak %4,3 gehitu ziren 2007. urtean

Actualizado: martes, 12 mayo 2009 12:28

BILBO, 12 May. (EUROPA PRESS) -

Ebakuntza kirurjikoen kopurua %4,3 gehitu zen 2007. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta ondorioz, EAEko ospitaleetan gehien hasi zen jarduera izan zen. Horrela, 233.742 ebakuntza egin ziren guztira, horien %62,4 ospitale publikoetan eta %37,6 pribatuetan, Eustaten datuen arabera.

Beste behin, anbulatorioko kirurjia handiak %10 gehitu ziren 2006. urtearen aldean eta, 2007an gehien gehitu zen kirurjia izan zen, ebakuntza guztien %24,3 izan baitziren mota horretakoak. Kirurjia mota horrekin gaixoa ez da ospitalean geratu behar, eta azken 11 urteetan %193,6 gehitu dira mota honetako ebakuntzak.

Beste alde batetik, amatasunari lotutako jarduerak ere gehitu ziren 2007an. Guztira 20.874 erditze izan ziren, hau da, 1980ko hamarkadan izandako kopuruen antzekoak. Erditzeen %86,9 ospitale publikoetan egin zen eta %13,1 ospitale pribatuetan. Erditze guztien %14,8 zesarea bidezkoak izan ziren; 2006. urtearen aldean erditze horiek %5,1 gutxitu ziren ospitale publikoetan, baina pribatuetan %15 gehitu. Gero eta gehiago dira oraindik ume bat baino gehiagoko erditzeak: %13,3 gehitu ziren (2006an 435 izan ziren eta 2007an 493).

2007. urtean EAEn 44 ospitale zeuden eta horietan guztira 8.048 ohe, hau da, 1.000 biztanleko batez beste 3,8 ohe zeuden. Oheen %69,8 sektore publikoan zegoen eta %*30,2 pribatuan. Asistentzia-helburua kontuan hartuta, oheen %69,7 gaixo akutuen ospitaleetan zegoen, %21,9 psikiatrikoetan eta %8,4 egonaldi ertain-luzeko ospitaleetan.

Ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan 1.094.217 kasuri eman zitzaion arreta 2007an. Kopuru hori %0,5 gutxitu zen 2006koarekin alderatuz, eta orduan, azken 22 urteetako gorako joera aldatu da. Aitzitik, ospitaleratzea ekarri duten larrialdiko kasuen kopurua %3,8 gehitu zen.

Ospitaleratze arloko laguntza jarduera laburtzen duten oinarrizko adierazleen arabera, ospitaleratutakoen kopurua %2,7 gehitu zen. Halaber, gehitu egin ziren alta jaso zutenen kasuak (%*2,8), baina batez besteko egonaldi orokorra (8,2 egun) eta akutuen ospitaleetako egonaldiak (5,6 egun) aurreko urtekoaren antzekoak izan ziren. Psikiatrikoetan eman ziren okupazioaren portzentaje handienak (%95); ondoren egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan (%86), hauetan eman zelako gehikuntzarik handiena aurreko urtearen aldean (%8); eta azkenik, akutuen ospitaleetan (%78,6).

GASTUA

Ospitaleetako osasun-laguntzak 1.844 milioi euroko gastua ekarri zuen 2007. urtean. Horrela, 2006aren aldean %11,7 gehitu zen gastua, EAEko ekonomiak izan zuen BPGaren gehikuntza (%6,7) gaindituz. Ospitaleetako asistentzia-jarduera EAEko BPGaren %2,8 izan zen 2007. urtean eta biztanle bakoitzeko, batez beste, 861 euroko gastua izan zuen (aurreko urtean baino %11,1 gehiago). Gastu osotik, 1.751 milioi gastu arruntenak izan ziren eta 93 milioi inbertsioarenak; azken hau, gainera, aurreko urtearen aldean %*53,1 gehitu zen.

Ospitaleetako osasun-sektorean 21.279 langile egon ziren, aurreko urtean baino %2,3 gehiago. Langileen %72 (15.325) emakumeak izan ziren eta %28 (5.954) gizonak. Langile horien artean %75,8 pertsonal sanitarioa zen eta %24,2 pertsonal ez-sanitarioa.

Langileen kategoria ezberdinen artean, medikuntzakoek izan zuten gehikuntza (%3) azpimarratu behar da. Ospitaleetako langileen %88,2ak gaixo akutuen ospitaleetan egin zuen lan, %7,5ak psikiatrikoetan eta %4,3ak egonaldi ertain-luzeko ospitaleetan.