EUSKADI.-Euskal Encounter topaketaren 17. edizioa "munduko azkarrena eta inoiz egin den onena" izan da

Actualizado: martes, 28 julio 2009 15:55

BILBO, 28 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Encounter informatika-topaketaren amaierako balorazio "ezin hobea" egin dute antolatzaileek, eta internautentzat "munduko azkarrena eta inoiz egin den onena" izan dela adierazi dute gaur. Segundoko 12 Gigako interneterako konexioarekin, sarean nabigatzea ibilaldi azkarra izan da topaketak iraun duen lau egunetan Barakaldoko BECeko 5. pabilioian elkartu diren lagunentzat -5.000 pertsona baino gehiago-.

Gainera, 3.720 ekipo egon dira sarera konektatuta, 35.000 metro koadro baino gehiagoko gunean; 30 kilometro zuntz optiko izan dira eta 55.000 euro baino gehiago banatu dira saritan. Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskal Encounter, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, Kutxa eta Euskaltelen babesarekin.

Antolatzaileek jakinarazi dute parte-hartzaileek dagoeneko egin dizkietela datorren urterako galderak, eskaerak eta iradokizunak. "Foroetan, lagun arteko elkarrizketetan, telefonoz, jendea ekitaldiaz hitz egiten eta Barakaldoko BECen egindako ekitaldia baloratzen ari da, eta ados daudela dirudi: inoiz egin den onena da", adierazi dute.

Topaketaren irekiera egun ofiziala uztailaren 23a bazen ere, aurreko egunean, 13:00etan hasita, parte-hartzaile ugari joan ziren BECeko 5. pabilioira, akreditazioa eskuratzeko. Egun horretan, ateak ixtean, 2:30ak inguruan, 2.700 pertsonak jasoa zuten akreditazio-txartela.

Hurrengo egunean, ostegunean, 17:00etan, ekitaldia modu ofizialean hasi zen; agertoki nagusian izan ziren Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jose Antonio Ardanza Euskalteleko lehendakaria. Han izan ziren Kutxako eta SPRIko ordezkari nagusiak ere, ekitaldiaren babesle bezala.