EUSKADI.-"Euskal gizonak emakumeenganako indarkeriaren aurka" ekitaldia egingo da astelehenean Bilbon

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 21 noviembre 2008 12:44

BILBO 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, eta "Gizonduz" ekimenaren barruan, "Euskal gizonak emakumeenganako indarkeriaren aurka" izenburua izango duen ekitaldia egingo da astelehenean Bilboko Arte Ederretako Museoan, 18:30etatik aurrera, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela.

Gizonek emakumeenganako indarkeriaren aurrean adierazitako arbuioaren sinbolo bihurtu nahi da ekitaldia eta indarkeriaren aurkako borrokan duten inplikazioarena ere. Ekitaldian zehar, bide honetan aurrerapausuak eman dituzten gizonen testigantzak ezagutuko dira, gizon taldeen ibilbidea azalduko da eta "Gizonduz" ekimenaren helburuak gogoraraziko dira. "Gizonduz" ekimena Emakundek bultzaturikoa da, gizonak berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta euren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko asmoz.

"Gizonduz" ekimenaren barruko ekintza bat "Berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako euskal gizonen eskutitza" sinatzea da, azken hilabeteetan burutzen ari dena. Sinadurak interneten bidez jasotzen ari dira (www.euskadi.net/gizonduz) eta baita zenbait herrietan jarri diren "Gizonduz" karpen bitartez ere. Azaroan zehar karpa zenbait herritan jarriko da. Momentuz 3.000 gizonek sinatu dute eta 2009ko bukaerarako 10.000 gizonen sinadurak lortu nahi dira.

Contenido patrocinado