EUSKADI.-Euskal Herriko Unibertsitateko Zitek mintegiko Innoprot enpresak Gaztedi saria irabazi du

Actualizado: viernes, 12 junio 2009 12:49

BILBO, 12 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zitek mintegian egoitza duen Innoprot enpresak irabazi du DEMA sozietateak bere 20. urteurrena ospatzeko emandako Bizkaia Ekinez enpresa-sarietako bat, Gaztedi kategoriari dagokiona, hain zuzen. Sari-banaketa Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan izan zen atzo.

EHUko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi duenez, sari honek goraipatzen ditu enpresa bat sortu eta urte bat edo biko ibilbidean nabarmen haztea eta enplegua sortzea lortu duten 30 urtetik beherako enpresa-sortzaileak.

Innoprot enpresak farmakoak ebaluatu eta garatzen ditu. Ideia 2007aren bukaeran sortu zen 'spin-off' gisa Iker Badiola eta Patricia Villaceren hasierako bultzadari esker; garai hartan graduondoko ikasleak ziren biak EHUn. Gerora, Jorge Gamiz eta Clarisa Salado batu zitzaizkien, eta denen artean Innoprot talde eragilea sortu zuten.

Innoprotek enpresa farmazeutikoen enkarguz nahiz bere ikerketetarako probatzen ditu farmakoak, euren eraginkortasuna ikusteko. Farmakoak testatzeko, zelula naturalak (gizaki nahiz animalienak) eta ingeniaritza genetikoak sortutako zelula artifizialak konbinatzen dira.

Innoprotek azken aurrerapen teknologikoak erabiltzen ditu, adibidez irudi plataforma bat (gaur egun lau baino ez daude Estatu osoan), modua ematen duena mikroskopioarekin lortutako emaitzei argazkiak egiteko oraingoa baino 64 aldiz handiagoa den abiaduraz.