EUSKADI.-Euskal kantu lirikoa izango da bihar protagonista Getxoko (Bizkaia) Kontzertu Klasikoak zikloan

Actualizado: miércoles, 17 febrero 2010 14:06

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal ahots-musika izango da bihar erabateko protagonista Getxoko (Bizkaia) Kontzertu Klasikoak 25. zikloan, Euskal Kantu Lirikoa proiektuaren bidez. Bi abeslarik eta piano-jole batek osatuta, euskal musikagileen lana zabaltzea du helburu proiektuak. Saioa Andres Isasi Musika Eskolan izango da, 20:00etan, antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez.

Marta Velasco mezzosopranoak, Alberto Nuñez tenoreak eta Juan Jose Ortega pianistak osatzen eratzen dute Euskal Kantu Liriko Berria proiektua. Egitasmoaren bidez, hainbat estilotako euskal musikagileen kantak bildu eta zabaldu nahi dute, herri-kantak ahaztu gabe. Biharko saioan, Onzainen, Lecumberriren, Iparragirreren eta Benguriaren piezak eskainiko dituzte, besteak beste.

Bestalde, biharamunean, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa ariko da Algortako El Redentor elizan, 20:00etatik aurrera. 2004. urtean sortu zen orkestra Bizkaiko goi mailako titulua zuten gazte musikarien eskutik. Bilboko Goi Mailako Kontserbatorioko azken promozioaren edo Musikeneko (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskola) lehenengo promozioaren kideak dira. Horietako batzuek Bizkaiko Foru Aldundiko beka jaso dute euren ikasketak hobetzeko Europako ospe handiko eskoletan eta kontserbatorioetan, besteak beste, Amsterdam, Munich edo Londresko Royal School of Music-en.

Bukatzeko, larunbatean, Brodsky Quartet arduratuko da zikloa datorren urtera arte agurtzeaz. Eremu klasikoko harizko laukote ospetsuenetakoa da eta bere 30 urtetik gorako ibilbide profesionalean mundu osoan zehar aritu da. Grabazio ugari egin dituzte eta artista ezagunekin batera aritu dira. Getxorako duten programan Schubert, Turina, Shostakovich, Mozart, Puccini eta Borodin konpositoreen konposizioak eskainiko dituzte.