EUSKADI.-Euskal Turismoaren II. Asteak berrikuntzaren ikuspegitik begiratuko dio sektorearen etorkizunari ekainaren 2, 3 eta 4an

Actualizado: miércoles, 27 mayo 2009 14:11

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Ganberek "Futurismoa, etorkizuna duen berrikuntzaren alde" izenburupean ospatuko dute Euskal Turismoaren II. Astea ekainaren 2, 3, eta 4an. Ekitaldiaren helburua da, batetik, turismoaren etorkizunari begirada bat ematea merkatu, kudeaketa eta merkaturatze alorretako berrikuntzaren ikuspegitik, eta, bestetik, sektorea sentsibilizatzea bere garrantzi ekonomikoaren eta produktu turistiko berriak sortzeko egin behar duen lanaren inguruan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru egunetan zehar, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian aurrera egiteko eta hobetzeko aukerak aztertuko dituzte hizlariek gai hauetan: berrikuntza, kalitatea, produktu turistikoaren lehiakortasuna eta merkaturatzea. Gogoeta horiek hiru alternatiba desberdinen arabera gauzatuko dira: turismo industriala, berrikuntza etorkizuna duen turismo batentzat, eta city-break-en eskaintza turistikoa.

Eusko Ganberek sustatutako Turismoaren Astearen II. edizioaren helburuen artean daude turismoaren munduari eremu berrietan lan egiteko aukera irekitzea, kontuan hartuta beste leku batzuetako esperientzia positiboak eta sektoreko enpresen testigantzak;

berrikuntzak eta bere kudeaketak enpresa eta agenteei, zehazki, eta, oro har, gizarteari eskaintzen dizkien aukeretan sakontzea.

Halaber, Bilbok, Donostiak eta Gasteizek dituzten erronkei buruzko gogoeta egin nahi du, hainbat gaietan hobetu eta aurrera egiteko, besteak beste, merkatuetako berrikuntzan, zerbitzuaren kalitate eta kudeaketan eta eskaintza turistikoan.

Turismoaren astea ekainaren 2an inauguratuko da Bilbon, non "Turismo Industriala, etorkizuna duen aukera" jardunaldia egingo den; ekainaren 3an Donostian izango da eta "Berrikuntza Etorkizuna duen turismo batentzat" jardunaldia ospatuko da; azkenik, ekainaren 4an, Gasteizen, "Prest 'city-breaks'-etarako"? galderari erantzuteko ahalegina egingo da.

Jardunaldiak doakoak dira, baina, parte hartzeko aldez aurretik EAEko hiru merkataritza ganberetako batean izena eman behar da. Jardunaldiak, batez ere, turismoaren sektoreko enpresa eta profesionalei zuzenduta daude.