EUSKADI.-Euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat da AEBetako euskal komunitateentzat, EHUn egindako tesi baten arabera

Actualizado: miércoles, 15 julio 2009 15:50

BILBO, 15 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egindako tesi batek Renoko (Nevada, AEB) Zazpiak Bat dantza taldeko dantzari gazteen azterketa etnografikoa egin du. Kasu horren bitartez, euskal komunitateek herrialde hartan egiten dituzten dantzek eta ekintzek zer funtzio betetzen duten kultura askoko gizarte estatubatuarrean gizarteratzeko prozesuan aztertu du ikertzaileak. Ondorio nagusi modura, AEBetako euskal komunitateentzat euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat dela nabarmendu da.

Tesiaren egilea Clara Urdangarin Liebaert da eta hauxe da lanaren izenburua: "Bailando 'Jauzi' bajo barras y estrellas: Una etnografía del Zazpiak Bat Group of Dancers de Reno, Nevada" (Barren eta izarren azpian 'Jauzi' dantzatzen: Nevadako Renoko Zazpiak Bat Group of Dancers taldearen etnografia bat). Ikerketa hori egiteko, Renon egon zen Clara Urdangarin 2003ko otsailetik 2004ko urtarrila arte.

Ikertzaileak ikusi duenaren arabera, Renoko dantzari taldeak egiten dituen entseguen, emanaldien eta abarren bidez, estatubatuar gizarte-testuingurura egokitutako komunikazio-kodea barneratzen da. Hala, euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat da kultura anitzeko gizarte horretan.

Urdangarinek euskal dantzen barne-logikaren eta dantzariaren kanpo-logikaren arteko erlazioa aztertu du. Logika horietako bakoitza lau ataletan banatzen da, subjektuak espazioarekin, denborarekin, beste subjektuekin eta objektuekin duen erlazioaren arabera, hain zuzen ere.

Lan horretan erakusten den amerikar euskaldunen gizarteratzea hango testuinguruan ulertu behar da. AEBetakoa arraza askoko gizartea da, biztanleen jatorri desberdina herrialde osoaren kohesioarekin uztartzen saiatzen dena. Neurri batean, euskaldunak beste taldeengandik desberdintzen dituzten bereizgarriek kultura askoko gizarteen ezaugarriak dituzte: jatorri etorkin bati lotutako estatubatuar herritartasuna, ohitura batzuekin eta beste taldeenganako anaitasun-nahiarekin identifikatuta.

Ikerketaren emaitzek euskal dantzaren barne-logika eta haren gizarte-markoa erakusten dute. Euskal dantzak AEBetan erakusten du beste euskaldun batzuekin elkartzen den herritarra, talde bateko partaide izateko eta bere identitatea eraikitzeko Ipar Amerikako talde txikien esparruan. Hori kontuan hartuta, euskal jaiek kultura askoko komunitatearen aurrean euskaldun izateaz harro agertzen den euskalduna osatzen dute. Euskaldunek AEBetako etnia askoko gizartean existitzeko egiten dute dantza.

KULTURA MATERIALA

Kultura materialak -objektuei lotutako kultura- norberaren identitateari lotutako produktuak kontsumitzen dituen herritar estatubatuarra erakusten du. Era berean, euskaldunen jarduerek euskal identitatea azpimarratzen dute, hala nola AEBetako bandera eta ikurriña bordatuta dituzten kapelak, kolore zuri, gorri eta berdeko pankartak eta globoak, edota 'proud to be basque' -euskaldun izateaz harro nago- dioten auto-matrikulak.

Halaber, dantzarien eta euskal jaietan aktiboki parte hartzen dutenen janzkerak erakusten du uniformeak gustuko dituztela. Ikertzailearen esanetan, objektuek taldearekin identifikatzen dute subjektua eta, kasu honetan, euskalduna bere komunitate etnikoarekin.

Clara Urdangarin Liebaert (Londres, 1960) Erizaintzan diplomatua (Erizaintza Psikiatrikoan espezializatua) eta Gorputz eta Kirol Hezkuntzan lizentziatua da. Bere tesia EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz Heziketa Saileko Joseba Etxebeste Otegi irakaslearen zuzendaritzapean egin du, eta Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan egon zen tesia lantzeko. Gaur egun, aipatutako unibertsitate-saileko irakaslea da.