EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 27 febrero 2009 18:39

BILBO, 27 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar, eguneko lehenengo partea eguzkitsua izango da, eta arratsaldea hodeitsuagoa.

Goizean goiz lanbro apur bat sortuko da eta barnealdeko zenbait lekutan izotza botako du; gero, eguzkiari esker, giroa argia eta eguzkitsua izango da eta horrela mantenduko da arratsaldea arte. Orduan hasiko dira ugaritzen zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak; momentuz ez da euririk espero. Tenperatura nahiko egonkor mantenduko da.

Igandean eguraldia aldatu egingo da. Goizean oraindik ostarteren bat izango da zeruan, hegoaldeko haizea ibiliko da eta hainbat lekutan ateri egongo da, baina arratsaldetik aurrera hodeiek estaliko dute zerua eta euria egiten hasiko da. haizeak ipar-mendebaldera egingo du; tenperatura jaitsi egingo da eta maximoak 13-15 graduren inguruan geratuko dira.

ITSASOA

Itsasoan, bihar hego/hego-ekialdeko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta lehenengo bi milietan itsaso kizkurra eragingo du; gainontzekoetan itsaskirria. Egunaren bigarren partean haizea aldakor ibiliko da, 2ko indarrarekin, eta itsaso kizkurra eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 10 kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 5:15ean eta 17:29an izango dira, eta itsasbeherak, 11:20an eta 23:36an.

Igandean, goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, baina regunaren bigarren partean haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, arratsaldean 4ko tarteren batekin. Itsaso kizkurra edo itsaskirria izango da, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro inguruko olatuak altxatuko ditu, arratsaldean 1,5-2 metrora igoz.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 10 kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 5:50ean eta 18:04an izango dira, eta itsasbehera, 11:55ean.