EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 6 marzo 2009 18:24

BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar iparraldeko haizea ibiliko da oraindik gurean eta horregatik egun osoan zehar zerua estalita mantenduko da. Euria egingo du, ugariago Kantauri isurialdean. Tenperatura igo egingo da berriro eta maximoak 10-12 gradu ingurukoak izango dira.

Igandean ostarteak zabalduko dira eta tenperaturak gora egiten jarraituko du. Zeruan hodeiak izango dira oraindik, baina giroa eguzkitsua izango da eta tenperatura atseginarekin gainera, 13-15 graduko maximoekin.

Azken orduetan haizeak ipar-mendebaldera egingo du, fronte hotz bat pasako da lurraldetik, hodeiak ugaritu egingo dira eta euria egingo du.

Itsasoan, bihar ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin, eta itsaskia edo itsaski handia eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 1 eta 4 kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 00:03an eta 12:51n izango dira, eta itsasbeherak, 6:23an eta 18:45ean.

Igandean mendebaldeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, baina arratsaldean ipar-mendebaldetik joko du. Itsaskirria edo itsaskia izango da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metroko olatuak altxatuko ditu, eta azken orduetan 3,5 metrora igoko dira.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 4 eta 10 kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 1:11n eta 13:47n izango dira, eta itsasbeherak, 7:26an eta 19:40an.