EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 27 marzo 2009 18:45

BILBO, 27 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar aldaketa nabarmena izango dugu, aire hotza goi-geruzetan sartuko baita eta euria ekarriko baitigu. Ugariago eta sarriago botako du goizean goiz; hala ere, gainontzeko orduetan ere busti egingo du baina tartekatuago egingo du euria.

Ipar-mendebaldeko haizeak indarrez joko du, eta ondorioz, hotz sentsazioa areagotu egingo da. Tenperatura nabarmen jaitsiko da eta beroenek ez dute 10-11 graduren muga gaindituko. Gauzak horrela, elur-maila 1.000 metro inguruan ibiliko da eta egunaren bukaeran 800 metro ingurura jaitsiko da.

Igandean aizea, hotza eta zaparradak izango ditugu hizpide. Iparraldeko haizea harrotu egingo da eta beraz hotz handiagoa egingo du. Zaparradak ez dira Nafarroa eta Iparraldera iritsiko, eta hortaz, mendebaldean soilik bustiko du. Ebro bailaran hodeien multzoak agertuko dira eta ez dugu euri konturik izango. Hori bai, ziertzoa bizi samar ibiliko da, eta elur-maila 800 metro inguruan kokatuko da.

ITSASOA

Bihar ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4ko indarrarekin, 5eko tarteekin goizean, eta arratsaldean baretu egingo da 3ko indarra hartuz. Itsaskia eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro bitartean egongo da bihar. Itsasgorak 4:15ean eta 16:30etan izango dira, eta itsasbeherak, 10:19an eta 22:37an.

Igandean, iparraldeko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin, 4ko tarteekin, eta itsaskia eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metroko olatuak altxatuko ditu eta 2 metrokoak egunaren bukaeran.

Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro bitartean egongo da igandean. Itsasgorak 4:51ean eta 17:05ean izango dira, eta itsasbeherak, 10:54an eta 23:16an.