EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 8 mayo 2009 19:29

BILBO, 8 May. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar giro ezegonkorragoa izango dugu. Gehienetan hodeiak gailenduko dira zeruan, baina eguerdi partean zulatuago egongo da hodei geruza.

Goizaldean, arratsaldean eta gauean zaparradak botako ditu han-hemenka eta noizean behin trumoiak jo dezake. Tenperatura pixka bat igoko da eta maximoak 18-20 gradu ingurukoak izango dira kostaldean eta 20-22 gradu ingurukoak barnealdean.

Igandean hego-haizea izango da eta harro samar ibiliko denez, tenperatura igo egingo da. Ezegonkortasunarekin jarraituko dugu eta zaparradak botako ditu, batez ere arratsaldean eta gauean. Gainera, trumoiak jo dezake. Beraz, lurraldeko edozein puntutan eta gutxien uste dugunean bota ditzake zaparrada trumoitsuak.

Itsasoan, bihar ipar-ekialdeko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin eta 4ko tarteekin eguerdi partean. Itsaskirria eragingo du eta tarteka itsaskia eguerdi partean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2-2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 14 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro bitartean egongo da bihar. Itsasgorak 3:18an eta 15:32an izango dira, eta itsasbeherak, 9:19an eta 21:39an.

Igandean hegoaldeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta itsaso kizkurra eragingo du lehenengo bi milietan eta itsaskirria edo itsaskia gainontzekoetan. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2-2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu hasieran eta eguneko bigarren partean 1,5-2 metro ingurukoak.

Uraren tenperatura 14 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro bitartean egongo da igandean. Itsasgorak 3:54an eta 16:06an izango dira, eta itsasbeherak, 9:54an eta 22:17an.