EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 18:13

BILBO, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, asteburua giro lasaiarekin hasiko da bihar. Egunsentian giro goibel eta umelarekin hasiko da eguna, Kantauri isurialdean batez ere. Goizak aurrera egin ahala, hodeiak saretuz joango dira eta hodeien artetik urdinguneak ikusiko ditugu, batik bat barnealdean. Eguna amaitu aurretik, itsaso aldetik behe-hodeiak sartu litezke eta zeruak estaltzera egingo luke berriro.

Tenperatura minimoak hoztu egingo dira eta 10 gradutik behera geratu daitezke barnealdean. Balio epelenak, aldiz, goranzko bidean hasiko dira eta 22-23 gradu inguruan mugituko dira. Arratsaldean, ipar-osagaiko haizea gailenduko da berriro baina ahulago ibiliko da.

Igandean itxura polita hartuko du eguraldiak. Iparraldean lainotuta esnatuko da eguna eta bertan euri langar apur bat egin dezake. Eguerdi partean hodei gutxiago izango dira, baina iluntzerako berriro zeruak estaltzera egingo du zenbait puntutan. Haizea ahul ibiliko da, arratsaldean ipar-ekialdetik jarriko da.

Termometroek gorantz jarraituko dute eta tenperatura maximoak 25-27 gradura hurbilduko dira barnealdean, eta zertxobait beherago kostaldean.

ITSASOA

Itsasoan, bihar mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin eta itsaskia edo itsaskia handia eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak goizaldean 2,5 metroko olatuak altxatuko ditu, pixkanaka txikituz joango dira 1,5-2 metrokoak altxatu arte.

Uraren tenperatura 22 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da bihar. Itsasgora 11:47an izango da, eta itsasbeherak, 5:18an eta 17:59an.

Igandean mendebaldeko haizea ibiliko da, 4ko indarrarekin eta goizaldean 5eko tarteekin, eta itsaskia eragingo du, itsaski handiko guneekin. Eguerditik aurrera ahuldu eta iparraldera aldatuko da, arratsalde-gau partean 2-3ko indarra izango du eta itsaso kizkurra edo itsaskirria sortuko du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 22 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da bihar. Itsasgorak 00:25ean eta 12:53an izango dira, eta itsasbeherak, 6:28an eta 19:07an.