EUSKADI.-Euskalmeten biharko eguraldiaren iragarpena

Actualizado: lunes, 9 marzo 2009 18:16

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar eguzkia jaun eta jabe izango da eta tenperatura atseginarekin igaroko dugu eguna.

Hori bai, goizaldeko eta goizean goizeko tenperatura hotza izango da eta barnealdeko hainbat lekutan izotza bota dezake; goizean epeltzera egingo du eta maximoak 15 gradu ingururaino igoko dira. Euririk ez du egingo eta ostarteak hodeiak baino gehiago izango dira.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta eguerdi aldera ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak hasieran 3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta pixkanaka txikitzen joango dira egunaren amaieran 1,5-2 metrokoak altxatu arte.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 10 kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 2:48an eta 15:13an izango dira, eta itsasbeherak, 8:58an eta 21:08an.