EUSKADI.-Euskalmeten biharko eguraldiaren iragarpena

Actualizado: martes, 26 enero 2010 17:29

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar termometroak hondoa joko du eta elurra 200-300 metrotik gora ikusiko dugu. Dena den, prezipitazio gutxi espero dugu, eta batez ere goizean eta Kantauri isurialdean egingo du. Arratsalde eta gau partean ostarteak irekiko dira, eta azken orduetan oskarbitu egingo du.

Ipar-ekialdeko haize fin-fina ibiliko da, ufada gogor batzuekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura altuenak Bizkaiko mendebaldeko kostaldean harrapatuko dira, eta 5-6 graduren bueltan kokatuko dira. Barnealdean 0-2 gradu gradu inguruan ibiliko dira. Izotz galanta botako du, eta posible da itsasertzera ere iristea.

Itsasoan, ipar-ekialdeko haizeak, 3-4ko indarrarekin, itsaskirria edo itsaskia eragingo du. Gauean haizea baretu eta 2ko indarra hartuko du; azken orduetan norabide aldakorreko haizea ibiliko da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta egunaren amaieran metro bateko inguruko olatuak izango dira.

Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 00:19an eta 12:57an izango dira, eta itsasbeherak, 6:44an eta 19:20an.