EUSKADI.-Euskalmeten biharko eguraldiaren iragarpena

BILBO, 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar hego haizearekin eta tenperatura goxoekin jarraituko dugu. Hego-mendebaldeko haizea tarteka ufada gogorrekin ibiliko da eta tenperaturak bere horretan jarraituko du. Barnealdean hodeiak nagusituko dira; iparralderantz mugitzen garen heinean, hodeitza saretuago agertuko da eta kostaldean ostarte batzuk ireki daitezke.

Hodei-multzoek zaparrada batzuk utzi ditzakete, eta punturen batean trumoiak ere jo dezake, aukera gehiagorekin arratsaldetik aurrera eta bereziki barnealdean.

Itsasoan hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4ko indarrarekin. Lehenengo bi milietan itsaso kizkurra eragingo du eta gainontzekoetan itsaskirria, itsaskiko guneekin. Mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 9:50ean eta 22:32an izango dira, eta itsasbeherak, 3:48an eta 16:11n.