EUSKADI.-Euskalmeten gaurko eguraldiaren iragarpena

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 8:03

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur ez da aldaketa handirik izango, egunak aurrera egin ahala hodeiak ugarituz joango diren arren. Behe-lainoarekin eta zero azpiko tenperaturarekin hasiko da eguna, aurrekoetan bezala.

Goizean giro eguzkitsua gailenduko da, erdi eta goi hodeiekin, baina eguerditik aurrera hodeiak ugaritu egingo dira, batez ere Kantauri isurialdean. Haizeak ipar ukitua hartuko du eta termometroek bere horretan jarraituko dute.

Itsasoan, norabide aldakorreko haizeak 2-3ko indarrarekin itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, arratsaldean haizea iparraldetik finkatuko den bitartean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, arratsaldean metro betera igoz.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 10 kilometrotik gorakoa. Itsasgorak 8:41ean eta 21:25ean izango dira, eta itsasbeherak, 2:27an eta 14:58an.