EUSKADI.-Euskalmeten gaurko eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 8:03

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur haizea nabarmen baretuko da eguerditik aurrera. Eguna haize-bolada zakarrekin hasiko dugu, baina goizean zehar haizea mendebaldera aldatzearekin batera ahulduz joango da; gainontzeko orduetan ahul-bizi ibiliko da.

Zeruan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta gauean erdi mailako hodei eta goi-hodeiak ugarituz joango dira. Termometroak behera egingo du egunean zehar; maximoak kostaldean 15 gradutik hurbil geratuko dira eta 10-12 graduren artean barnealdean.

Itsasoan hego-mendebaldeko haizea ibiliko da 4-5eko indarrarekin, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du lehenengo bi milietan eta itsaskirria edo itsaskia gainontzeko lekuetan. Goizean zehar mendebaldera aldatuz joango da. Arratsaldean haizea ahuldu egingo da eta gauean hego-osagaira aldatuko da 3ko indarrarekin.

Mendebal/ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu goizaldean eta goizean zehar igo eta 4 metro ingurukoak altxatuko ditu. Arratsaldean jaitsi eta 3-3,5 metro ingurukoak izango dira.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgora 13:48an izango da, eta itsasbeherak, 7:34an eta 19:40an.