EUSKADI.-Euskaltelek ikastolen aldeko Hego Euskal Herriko jaiak babestuko ditu beste behin

Actualizado: jueves, 25 febrero 2010 19:18

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalteleko presidente Jose Antonio Ardanzak eta Ikastolen Elkartekoak, Koldo Tellituk, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur. Hitzarmen horren bidez, Hego Euskal Herrian aurten ospatuko diren ikastolen aldeko lau jaiak babestuko ditu euskal operadoreak, hots, Ibilaldia (Bermeo), Kilometroak (Pasaia-Lezo), Araba Euskaraz (Agurain) eta Nafarroa Oinez (Atarrabia).

Euskaltel 1998tik ari da Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, eta beste kanpaina batzuen artean, ikastolen lau jaietan laguntzen du. Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinezen 500.000 pertsona inguru biltzen dira urtero, Euskalteleko iturriek gogoratu dutenez.

Lankidetza-hitzarmen honekin, euskara eta euskal kultura bultzatzeko filosofiari eusten dio Euskaltelek. Babes hori dela eta, hainbat aintzatespen jaso ditu operadoreak, besteak beste, Bai Euskarari, enpresa-alorrean euskara bultzatzeko egindako lanagatik.