EUSKADI.-Euskaltzaindiak bere azken argitalpenak eramango ditu apirilaren 13an Sarako (Lapurdi) Euskal Idazleen Biltzarrera

Actualizado: martes, 7 abril 2009 15:38

BILBO, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Apirilaren 13an, urtero bezala Pazko Astelehenez, Sarako (Lapurdi) Euskal Idazleen Biltzarra egingo da herriko kiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna, baina Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale askok ere urtero dute Saran hitzordua, Pazko Astelehenean. Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu.

Aurten, Akademiatik prentsa ohar batean jakinarazi dutenez, hiru liburu aurkeztuko ditu: Gratien Adema "Zaldubi"-ren "Artzain Beltxaren neurtitzak", Henri Duhauk paratua; Txomin Peillenen "Bizitzaren Hiztegiaz" eta Jean-Louis Davanten "Zuberoako Literatura. Antologia laburra". Hiru liburuak Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" izeneko bildumaren liburuak dira.

Horrez gain, "Bazterrez" Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia jasotzen duen 'Euskera' agerkariaren separata ere aurkeztuko da Saran. Honen guztiaren aurkezpena apirilaren 13ko 11:30etan izango da eta hauek mintzatuko dira: Andres Urrutia, Henri Duhau, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxa.

Bestalde, Euskaltzaindiak antolatutako "Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina" erakusketa ikusgai izango da kiroldegian bertan, egun osoan zehar.