EUSKADI.-Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ekitaldia ospatuko da bihar Bilbon

Actualizado: jueves, 16 julio 2009 13:31

BILBO, 16 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egingo da bihar Bilbon, Akademiaren egoitzan. Egun horretan, Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d'Estudis Catalans-en Seccio Filologica erakundeetako ordezkariak hartuko ditu Euskaltzaindiak, eta eurekin batera ekitaldi akademiko bat burutuko. 90. urteurrena ospatzeaz gain, akademien arteko elkarlana sendotzea du xede ostiralean egingo den ekitaldiak.

Akademiatik jakinarazi dutenez, 15 urte igaro dira Euskaltzaindia, Real Academia Galega, Institut d'Estudis Catalans eta Real Academia de la Lengua Española erakundeak, azkenengo aldiz, Bilbon batu zirenetik. Orduan, 1994ko otsailean, Euskaltzaindiaren 75. urtemugaren haritik, egoitzan izan ziren espainiar estatuan ofizial diren hizkuntzen akademietako ordezkariak: Fernando Lazaro Carreter Real Academia Españolako burua, Mario Donega Real Academia Galegako idazkaria eta Joaquim Rafel Institut d'Estudis Catalanseko idazkari nagusia. Orduan Jean Haritschelhar zen euskaltzainburua.

90. urtemugaren karietara, beraz, berriro batzartuko dira akademia bakoitzaren ordezkariak. Biharko ekitaldiari dagokionez, bi alderdi nagusi izango ditu: batetik, ekitaldiak izaera akademikoa izango du -euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleei bakarrik zuzendua-, eta bestetik, akademia bakoitzak egiten dituen lanak eta akademien arteko elkarkidetza bultzatzeko aukerak aztertuko dira. Akademia bakoitzaren lanak azaltzea 10:30ean hasiko da eta elkarkidetzarako bideak aztertzea 12:00etatik aurrera izango da.

2008tik ari da ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. Izan ere, urrian Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin, hasiera eman zion Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste bi ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak, Gasteizen, Arabako Foru Aldundian, eta Ipar Euskal Herrian, Hazparneko Elgar Kultura Etxean.

Bilboko ekitaldiaren ostean, aurtengo urrian egingo du Euskaltzaindiak urteurreneko azken ospakizuna, ekitaldi instituzional baten bidez, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, hara deituko dituela agintari publikoak eta gizartearen eta euskalgintzaren ordezkariak.