EUSKADI.-Euskara eta euskal kulturako ikastaroei jarraipena emango zaie Argentinako unibertsitate batean eta Txileko lautan

Actualizado: martes, 7 abril 2009 16:04

GASTEIZ, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Kultura Sailaren proposamenaren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak baimena eman dio Argentinako Universidad Nacional de La Plata unibertsitatearekin eta Txileko lau unibertsitaterekin (Santiago eta Valparaisoko Unibertsitate Nazionalekin eta Santiago eta Valparaisoko Unibertsitate Katolikoekin) euskara eta euskal kulturaren ikastaroak garatzeko Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen hitzarmenei jarraipena emateko, Etxepare Euskal Institutuak berauek bere gain hartzeko atarian.

Euskara eta euskal kulturaren eskola hauek Amerika eta Europako 13 estatuetako 25 unibertsitateetan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen diren gisakoak dira, eta bere lehen pausoak ematen hasi den Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu urte honen barruan, bere egiturak garatu ondoren. Era berean, Etxepare Euskal Institutuak erabaki beharko ditu programa honen sartzeko zain dauden 30 unibertsitateen eskaerak.

Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak, HABEren bitartez, abian du Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako "Euskara-eskolak munduan" egitasmoa. Horren baitan, Estatuko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europako (Paris, Londres, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan), Amerikako (Argentina, Uruguai, Txile, Brasil, Venezuela, Mexiko eta AEB) eta Australiako (Sydney) 70 hiri eta herrietan helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu dira.

Horretarako, irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskaini zaio eta eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira. Egun 2.398 lagun ari dira euskara ikasten eskola hauetan, eta hauekin batera, 16 urte baina gutxiagoko beste 1.000 gazte ari dira euskara ikasten Euskal Herritik kanpo.