EUSKADI.-Euskararen erabilera sustatzeko "Irati" plan estrategikoa onartu du Berrizko Udalak (Bizkaia) datozen bi urteetarako

Actualizado: jueves, 11 febrero 2010 13:48

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Berrizko Udalak (Bizkaia) aho batez onartu zuen atzo egin zen ohiko osoko bilkuran 2010-2012 eperako euskararen erabilera sustatzeko "Irati" izeneko plan estrategikoa. Udal berrztarrak prestatu duen bigarren plan estrategikoa izango da. Esparru guztietan hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa da onartutakoa.

2003. urtean onartu zuen lehenengoz Berrizko Udalak udaleko erabilera plana eta hurrengo urtean lehenengo plan estrategikoa, 2004-2007 epeari zegokiona, hain zuzen ere. 2008-2009an, berriz, luzapena izan zen, Berrizko Udaletik gaur azaldu dutenez.

Berrizko Udalaren 2010-2012 eperako plan estrategikoak hamar esparru nagusi bereizten ditu. Horietako bakoitzean helburu jakinak jarri eta horiek beteteko adierazleak eta bete beharreko estrategia eta ekintzak zehazten dira.

Horrela, familia-transmisioan, euskararen erabilera handitu nahi da etxeko esparruan, eta transmisioa ziurtatu familia kideen arteko hizkuntza izan dadin. Euskalduntzea eta alfabetizazioaren esparruan, herritarren artean euskararen aldeko motibazioa eta euskararen ezagutza bultzatzea bilatuko da.

Irakaskuntzari dagokionez, euskarazko ikas-ereduak sustatu eta eskolaz kanpoko prestakuntza jardueretan euskararen erabilera areagotuko da. Administrazioaren arloan, euskararen ezagutza eta erabilera sustatuko udal administrazioan, euskara hizkuntza-zerbitzua izan dadila bermatuz.

Lan munduaren kasuan, euskararen erabilera handitu eta, bereziki, merkataritza zein ostalaritzan euskararen erabilera handitzea da xedea. Aisialdian, kirolan eta kulturgintza euskararen erabilera handitzea ere bilatuko da, esparru bakoitzeko ekintzak bultzatuz.

Azkenik, herrian edo eskualdean euskarazko komunikabideen garapena sustatuko da edota euskararen erabilera bultzatuko da egungo komunikabideetan, eta teknologia berrietan euskararen erabilera handituko da.