EUSKADI.-Euskararen gaitasun tituluak elkarrekin baliokidetu eta hizkuntzen Europako Marko Bateratua uztartu dira

Actualizado: viernes, 27 febrero 2009 13:58

BILBO, 27 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailak aurkeztutako proposamenaren harira. Honen bitartez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu dura, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuak finkatu zuen 64/2008 Dekretua egokitu du eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan, baliokidetza sistema guztiz osatuz.

Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen eta Europako Erreferentzi Markoan uztartu dituen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan. Gainera, baliokidetza eta aitortza sistema osorako eta betirako da.

Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarriz. Hala ere, kanpoan utzi ziren hezkuntza arloko titulu eta ziurtagiri batzuk, dekretuan gerora sartzeko asmoarekin.

Orain gehitu diren titulazioak, Hezkuntza Sailaren Irakaspostuetarako Hizkuntza-Eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialen plan zaharreko eta berriko titulazioak dira. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ematen duen EGA eta Euskaltzaindiaren D agiria ere baliokidetza koadroan jaso dira.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen duen HLEA ziurtagiria geratu da oraingoz kanpoan, hainbat epai eta gorabeheraren ondoren Hezkuntza Saila euskara-agiri horren sakoneko aldaketa bat egiteko asmotan dabilelako. Aldaketa hori aztergai dago, eta azken erabakia hartzean argituko da orain arteko HLEAren baliokidetza eta, kasua balitz, berriarena.

Baliokidetza sistema honen bitartez, euskara-agiri guztiak Hizkuntzen Europako Markoarekin homologaturik geratu dira, eta elkarrekin baliokidetuta, hots, guztira 34 titulu desberdin. Horietako batzuk 1975az geroztik ematen hasiak dira. Euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarri dira.

Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEEk, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntza Sailak, Euskaltzaindiak (D agiria), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak (EGA) eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialek emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.