EUSKADI.-Euskararen sustapena eta jasangarritasuna batu dituzte Nafarroa Oinez-en martxan jarriko den "Oinez Basoa" ekimenean

Actualizado: miércoles, 22 julio 2009 13:06

BILBO, 22 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ekopass ingurumen arloko irabazi asmorik gabeko elkarteak, Naider ekonomiaren sustapenean, ingurumen iraunkortasunean eta gizarte-lehiakortasunean espezializatuta dagoen enpresa-proiektuak, Nafarroa Ikastolen Elkarteak eta Arbizuko Udalak euskara sustatzearen eta jasangarritasunaren interesak batu dituzte "Oinez Basoa" izeneko proiektua abian jarriz. Erakunde hauek, Nafarroa Oinez-en karbono isurtzeak murriztu eta konpentsatzeko elkarrekin lan egingo dute, CO2 gabeko Nafarroa Oinez bat bultzatzeko bidea hartuz.

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola eraikin berri bat egiteko erronkari heldu dio eta Nafarroa Oinez festak helburu hori lortzeko lagunduko duelakoan dago. Eraikin berriaren proiektua diseinatzeko orduan, bere arduradunen kezketako bat ingurumenarekiko begirunea izan da, hau da, energia berriztagarriak erabiltzea eta diseinu arkitektonikoak irizpide ekologikoak kontuan hartzea. Horrela, ikastolako arduradunek azaldu dutenez, kezka hori kontuan hartuta, erraza izan zaie "Oinez Basoa" proiektua bere egin eta bultzatzea.

Proiektu berritzaile bat da, erronka berri bat, euskararen aldeko sustapena eta naturarekiko begirunea uztartzen dituena. Eragile ezberdinen indarrak bilduz eta elkarlanean, "Oinez Basoa" egitasmoa jarriko dugu martxan, denon artean baso bat sortzeko. Oinez Basoa natura indartzeko baso bat izango da, CO2 gasak xurgatuko dituen baso bat, Nafarroa Oinez bezalako festa batek eragiten duen CO2 gasen isurketa konpentsatuko duen baso bat, euskara eta ingurumenarekiko

kontzientzia bultzatzeko balio izango duen baso bat", azaldu dute.

Proiektuaren bultzatzaileei dagokienez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak egitasmoaren jarraipena bermatuko du datozen Nafarroa Oinez festetan; Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak proiektua sustatuko du aurtengo edizioan; Arbizuko Udala (basoaren lurren jabea) basoa sortzeko lurra jarri du eta basoa landatzeko eta kudeatzeko ardura hartu du; Ekopassek web orrialde baten bidez zuhaitzen komertzializazioa bideratuko du eta Neiderrek zuhaitzen adopzioa sustatuko du.

EZAUGARRI NAGUSIAK

Nafarroa Oinez festak eragiten duen CO2 isurketa konpentsatzeko eta ingurumenarekin ikastolek duten konpromisoa berresteko baso berri bat sortuko da, eta zuhaitzak landatuz osatuko da "Oinez Basoa". Zuhaitzak babesle izan nahi duten herritarrei esker landatuko dira, eta edozein izan daiteke babesle. Halaber, internetetik babesle bihurtu ahal izango da edonor.

Proiekturako sortutako webgune baten bidez, babesleak zuhaitz mota aukeratu ahal izango du, kokapen zehatza ikusi eta bere izena edo mezu bat idatzi ahal izango du. Zuhaitz bat babesteko 20 euro ordainduko beharko da.

Basoa "benetakoa izango da", Arbizuko Udalaren lurretan, eta sei hektarea jarriko ditu basoa sortzeko. Guztira, mota ezberdinetako 5.200 zuhaitz landatu ahal izango dira, besteak beste, gaztainondoak,

intxaurrondoak, haritzak edota lizarrak. Zuhaitzak baldintzak egokiak direnean landatuko dira, hots, 2010eko urtarrilean.