EUSKADI.-Euskarashowa egingo da laugarren aldiz Getxon ostiralean, 11 taldearen partaidetzarekin eta lehenengo aldiz kalean

Actualizado: miércoles, 17 junio 2009 19:13

BILBO, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bertoko eta kanpoko herritarrak euskarara era dibertigarrian hurbiltzea helburu duen Euskarashowa egitasmoaren laugarren edizioa ospatuko da ostiralean, 21:00etan hasita, Getxoko (Bizkaia) Romo auzoko Santa Eugenia Plazan kokatutako karpan, doako sarrerarekin. Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Immigrazio Atalak antolatutako ekimena kultur arteko karaokea da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.

Horretarako, dagoeneko Getxoko eta herrialde desberdinetako hainbat lagunek izena eman, taldeak elkarrekin osatu eta abestiak entseatzen ibili dira azken asteotan, bai euskaraz bai eta beste hizkuntzaren batean ere. Ekimenak beste kultura desberdinetako pertsonak ezagutzeko aukera eskaintzen du, esate baterako, Bolivia, Paraguay, Kolonbia, Maroko, Errumania edo Filipinetakoak.

Edizio honetan bi berritasun izango dira. "Alde batetik, eta etorkinen elkarteekin adostuta, jai izaera izateko kalera aterako dela, Santa Eugenia plazara, hain zuzen ere, eta bestetik, data ere aldatu da, lehen Euskara Jardunaldiaren barruan, neguan egiten baitzen", azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.

Oraingoan 11 taldek abestuko dute karaokean: Juanesen "La camisa negra" (Filipinas + Getxo); Abbaren "Bertso Queen" (Getxo + Filipinas); Hemendik at taldearen "Eskutitza" (Getxo + Kolonbia); Beberen "Ella" (Bolivia + Getxo); Mocedades taldearen "Zu zara" (Getxo + Bolivia + Chile); Khaled taldearen "Aicha" (Marruecos + Getxo + Peru); Itoizen "Lau teilatu" (Getxo + Paraguay); Shakiraren "Hips dont lie" (Getxo + Bolivia); Alaitz eta Maideren "Txanpon baten truke"; Juan Gabrielen "Jolin" eta Ken Zazpiren "Ilargia".

Horiek amaitutakoan gonbidatu berezi batzuek abestuko dute, hain zuzen ere, Jorge eta Israel Pisa, flamenkoa euskaraz kantatzen duten Bermeoko bi mutiko, Jone Diez gazte getxotarra, Jose Heredia eta bere taldea eta Candela Radio Dj.

Euskarashowa gauerdira arte luzatuko da, kanten eta gonbidatutako artisten ondoren munduko toki desberdinetako gastronomia dastatzeko aukera egongo baita. Hain zuzen ere, Boliviako, Filipinetako eta Marokoko janaria egongo da, Bizarra Lepoan elkarteak antolatutako txosnan. Orduan ere kultura desberdinetako lagunak elkartzeko une aproposa izango da.

Amaitzeko, Koldo Iturbek eskerrak eman dizkie Bizarra Lepoan, Camino al Barrio, Sikap Filipinas, Kale dor Kayiko eta Krearte elkarteei hain garrantzitsua eta aberasgarria den ekimena aurrera eramaten laguntzeagatik, "txalotzekoa delako elkarteek euskararekiko eta euskal kulturarekiko agertutako jarrera eta kolaborazioa".