EUSKADI.-Eusko Ikaskuntzak eta EHUk egungo euskal narratibari buruzko hitzaldi-zikloa antolatu dute Gasteizen

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 9 marzo 2010 18:11

GASTEIZ 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzaldi-ziklo bat antolatu dute Gasteizen "Gaurko Euskal Narratiba" gaitzat hartuta. Guztira lau hitzaldi eskainiko dituzte, denak euskaraz, denbora laburrean ospe handia lortu duten emakumezko lau nobelagilek, hain zuzen, Irati Jimenezek, Katixa Agirrek, Uxue Alberdik eta Ixiar Rozasek.

Antolakuntzako iturriek prentsa ohar batean gaur jakinarazi dutenez, mintzaldiak EHUko Letren Fakultatean izango dira, Gasteizen, bihar hasi eta maiatzaren 19ra bitartean, 10:30etan hasita. Hitzaldietarako sarrera doakoa izango da.

Irati Jimenezek ekingo dio bihar zikloari "Idaztea, nora jakin gabe" izenburuko hitzaldiarekin. Apirilaren 19an izango da hurrengo saioa, Katixa Agirrek eskainiko duen "Habitat naturalaren bila" mintzaldiarekin. Uxue Alberdik "Aulki-jokoa" hartuko du gaitzat maiatzaren 5ean, eta bukatzeko, Ixiar Rozasek "Negutegia: ahotsa, hitza eta gorputzaren artean" hitzaldia eskainiko du maiatzaren 19an.

Contenido patrocinado