EUSKADI.-Eusko Ikaskuntzak eta Segurako Udalak (Gipuzkoa) kultur arloko lankidetza hitzarmena sinatuko dute gaur

Actualizado: viernes, 17 abril 2009 12:21

DONOSTIA, 17 Abr. (EUROPA PRESS) -

Segurako Udalak (Gipuzkoa) kulturaren eta zientziaren alorretako lankidetza hitzarmena sinatuko du gaur Eusko Ikaskuntzarekin, aurrerantzean kultur ekintzak elkarrekin jorratzeko helburuarekin. Sinatze ekitaldia Segurako udaletxean izango da, 13:30etan, Eusko Ikaskuntzako iturriek iragarri dutenez.

Honekin, 98 hitzarmen sinatu ditu jada Eusko Ikaskuntzak euskal udalekin kultur eta zientzi jarduerak garatzeko, hauetako 32 Gipuzkoan. Lankidetza hitzarmen hauen baitan artxibo eta liburutegiak eguneratzen dira, ondarea erroldatzen da, ikerketa bekak ematen dira, erakusketa, jardunaldi eta biltzarrak antolatzen dira, gogoeta estrategikoak egiten dira, liburuak editatzen dira edo udalerrietako ondare herrikoi eta historikoko bilketak sustatzen dira.

Sinadura ekitaldia baino lehen, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Eragileak bere ohiko bilera egingo du Segurako udaletxean bertan. Maria Isabel Telleria Segurako alkateak, Teresa del Valle Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako presidenteordeak eta Jose Maria Muñoa Eusko Ikaskuntzako presidenteak parte hartuko dute ekitaldian, eta hitzarmena sinatu ostean, Muñoa hedabideen aurrean agertuko da.