GASTEIZ 16 Mar. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak genero-indarkeriaren biktimen alde lan egiten duten erakunde eta elkarteei 400.000 euroko aurrekontu-sail bat bideratuko dien agindu bat onartu du gaurko bileran. Biktimei laguntza eta babesa ematea helburu duten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde guztiek izango dute laguntza hauek eskatzeko aukera.
Genero-indarkeria jasaten duten pertsonen aldeko ekimenak ez dituzte instituzio publikoek soilik abiatzen, irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere eskaintzen baitiete biktimei laguntza eta babesa. Beren sostengu ekonomikoa bermatzeko eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei sorospena emateko abiatzen dituzten ekintzak burutzen jarraitu dezaten, erakunde eta elkarte hauek 2010ean zehar lortu ahalko dituzten diru-laguntzak zehazten dituen Herrizaingo sailburuaren agindua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak.
Biktimei laguntza eta babesa ematea helburu duten EAEko irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarte orok izango du laguntzak eskatzeko aukera. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza, babesa, sorospena (juridikoa, psikologikoa edota soziala dela ere) ematea bide dutenak izango dira gehienbat diru-laguntzekin aurrera eraman ahalko diren ekimenak.
2010ean zehar guztira 400.000 euro banatuko dira diru-laguntzetan. Eskabide bakoitzaren balioaren araberakoak izango dira beti ere, eta laguntzek gehienez proiektuaren guztizko balioaren %75ekoak izango dira.
Diru-laguntzak lortzeko eskaerak, Herrizaingo Sailaren Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bidez edo aldundi ezberdinetako zerbitzuetan egin ahal izango dituzte horrekiko interesa duten erakunde eta elkarteek.