EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak 49 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez kanpoko beketarako

Actualizado: martes, 28 julio 2009 14:59

GASTEIZ, 28 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak agindu bat onartu du gaurko bilkuran, eta horren bidez, unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak 2009-2010 ikasturterako eskolatzeko laguntzen deialdia egin da. Diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, 49 milioi eurokoa da, eta hezkuntza sistemako maila eta gradu hauetako ikasleei zuzenduta dago.

Horrela, Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra, batxilergo mota ezberdinetako lehenengo eta bigarren mailak eta erdi-mailako eta goiko mailako heziketa zikloak izan daitezke hartzaileak.

Era berean, herri administrazioen titulartasuneko eskola ofizialetan egindako hizkuntza ikasketetarako ere badira laguntzak, eta musika eta dantzako oinarrizko eta erdi-mailako irakaskuntzetarako eta gainerako ikasketa berezietarako ere, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartutako ikasketa-plan bati erantzuten badiote eta ikasketa horiek bukatzean sailak emandako akademi titulu ofiziala lortzen bada.

Laguntza horiek osagai hauek estali ahal izango dituzte: irakaskuntza, joan-etorria edo egoitza, material didaktikoa, jantokia, konpentsatorioa eta mantenimendua.