EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak 7,2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu ardoa sustatzera 2011ra arte

Actualizado: martes, 9 febrero 2010 19:40

GASTEIZ, 9 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak gutxienez 7.204.989 euro bideratuko ditu 2011ra arte EAEko mugen barruan eta horietatik kanpora ardoa sustatzeko diru-laguntzetara. Orain arte, 626 dira laguntza horiek jaso dituzten enpresak. Laguntzak hainbat programaren bidez ematen dira, baina bai laguntza-kopurua eta bai diru-laguntzen zenbatekoa handiagoa izango da, oraindik ez baitira erregistratu 2010eko eta 2011rako eskaerak.

Datu horiek atzo aurkeztu zituen Gasteizen, Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak antolatutako topaketa batean. Bertan, Rafael del Rey Ardoaren Merkatuaren Espainiako Behatokiaren zuzendariak merkatu horren egoeraren eta joeren gaineko diagnostiko bat egin zuen.

Topaketa horretan, Arabako upategi ospetsuen eta kooperatiben 30 ordezkari inguru egon ziren, bai eta Arabako Txakolina Jatorrizko Deituraren eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen ordezkariak ere. Jardunaldia Jaurlaritzaren egoitzan egin zen.

Amaia Barrena Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak adierazi zuenez, Jaurlaritzak EAEko mahastizaintza eta ardogintza enpresei sustapen-ekintzetan laguntzen jarraitzeko asmoa dauka, besteak beste, diru-laguntzen bidez, hitzarmenak eginez, azoketara joateko edo sustapenerako materiala editatzeko laguntza emanez.

Halaber, Ardoaren Batzorde Aholku-emailea sortu dela jakinarazi zuen. Batzorde horretan, sektoreko hainbat eragilek ideiak emango dituzte, eta ardoaren sektorean zer behar dituzten eta elkarrekin zer estrategia erabili behar duten esango diote administrazioari.

Barrenak gogorarazi zuen Elikagaien Industria eta Kalitatearen Plan Estrategikoan Sustapen Plan bat proposatzen ari direla, eta aurki egongo dela eskuragarri sailaren web-orrian, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako sustapen-ekintzen gaineko informazioarekin batera.

Prestakuntza-jarduerak eta sustapenerako eta I+G+B arlorako ekimen berriak ere bultzatuko dira, Elikagaien Klusterrean, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzaren laguntzaz.

Barrenak azaldu zuenez, 2008an eta 2009an guztira egindako ekintzekin -eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Merkatu Antolakunde Bateratuan orain arte 2010 eta 2011rako aurreikusten direnekin (Ardoaren MABa)- sustapenera 14,6 milioi euro inguru bideratuko dira. Diru-laguntzetan 7,2 milioi eman dira edo emango direla aurreikusten da. Nabarmentzekoa da ardoaren MABa sustatzeko programa. Programa horretan, enpresek 8,7 milioi euroko gastua egin dute, eta %50 Europako funtsekin ordaindu da.

Rafael del Reyk, berriz, Ardoaren Behatokia aurkeztu zuen. Behatokiaren helburua sektoreari informazio garrantzitsua ematea da: Estatuko eta nazioarteko merkatuen gainekoa eta merkatuko gustuen eta eskaeren gainekoa.

Espainiako ardoak kanpoan gehiago sustatzearen alde egin zuen Behatokiaren zuzendariak, "munduan lehenetakoak baitira", eta ohartarazi zuen MABa eraldatzeak eta diru-laguntzak murrizteak ekoizleak merkatu guztietako salmenten menpekoago izatea dakarrela.

Merkatuetan ez dagoela egonkortasunik azaldu zuen, eta Espainian kontsumoa ez doala goraka, ezta ostalaritzan ere. Balio-katea eraginkorrago bihurtzearen alde egin zuen, jatorrizko salneurrietatik hasi eta merkaturatzeko unera arte.